Open House Bilbao bueltatzen da asteburu honetan bere bosgarren edizioarekin eta oraingo honetan 49 eraikin irekiko dira nahi dutenak ezagutzeko. Aurten, izenburu aukertuta 'Hiri osasungarria' izango da eta, berriro pandemiagatik, bisitaldietan eta jardueretan parte hartzeko hitzordua hartzea beharrezkoa izango da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Bilbok bat egin du Open House Worldwide Nazioarteko Sarea osatzen duten 45 hirien arteko ekintza bateratuarekin, arkitekturaren eta hirigintzaren arloan bikaintasuna hedatzeko eta defendatzeko.

Iaz egin zen moduan, antolatzaileen kontrol-gaitasuna handitzeko eta programaturiko espazioetan eta jardueretan segurtasun-maila handiagoa bermatzeko, Bilbora mugatuko dira irekiko diren eraikinak eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea bisitaldietan eta jardueretan parte hartzeko.

Izan ere, aurtengo edizioan osasun egoerak sortutako errealitateari helduko zaio berriro eta, horretarako, behar diren neurrietara egokituko da. Aurtengo gaia, 'Hiri osasungarria' errealitate berri horri lotuta dago.

Pandemiak agerian utzi du gure kaleak eta auzoak berriro pentsatzeko beharra, harremanetarako hurbileko berdeguneak sortzearen garrantzia, espazio inklusiboak, kulturarako, mugikortasun jasangarrirako, hurbileko merkataritzarako...

Hala, publiko zabal eta askotariko batengana iristeko diseinatutako eta pentsatutako jarduera-programa baten bidez, hiriek osasuna eta ongizatea hobetzeko motor gisa duten erronka handiari buruzko gogoeta egiten du jaialdiak. Hiriek eredu integratzaileago, seguruago eta iraunkorragoetarantz egin dute, jendea diseinuaren erdigunean jarriz, bizimodu osasungarriak sustatuz eta jarduera fisikoa eta joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea sustatuz.

Aurreko edizioan, OHBn lehen aldiz, uriko espazio publikoak bisitatzeko aukera eman zen aurrenekoz, eta bisitariek harrera ona egin zutela ikusita, aurten espazio berriak hautatu eta bisitatuko dira, hainbat alderdi aztertzeko aukera emango dutenak, hala nola, azpiegitura berdea, hiri-erresilientzia, erabilera sozialak eta mugikortasun osasungarria. Halaber, diseinuan eta taxueran kontzientzia ekologikoa erakusten duten obra eta proiektuei balioa emango zaie, eta bestelako gaiak ere sartuko dira: autosufizientzia energetikoa, material jasangarriak.

Gai horien helburua pentsamendu kritikoa sustatzea da, eremu publikoa nola erabiltzen dugun, hor nola mugitzen eta erlazionatzen garen, hiriari, haren espazioei, plazei, kaleei eta abarri buruzko ezagutza, kontzientzia eta gogoeta kolektiboaren prozesua bultzatzeko.