Herri kirolak sustatzeko eta zabaltzeko ahaleginean, Bilboko Udalak programa berezi bat jarriko du martxan, 'Bilbo Altxatuz' izenekoa, Bizkaiko Herri Kirolen Federazioarekin elkarlanean.

'Bilbo Altxatuz' ekimenak herri kirolak Bilboko auzoetako plaza, parke eta frontoietara aterako ditu. Hainbat herri kirolen hamar erakustaldi egingo dira, kirolari federatuekin: harri jasotzea, aizkora, ingudea edo lasto jasotzea. Lehenbiziko erakustaldia bihar izango da (irailak 18, zapatua), Garaiko lorategien plazan, Txurdinagako auzoan:

  • Zapatua, irailak 18: Garaiko lorategiak (Dragoiaren plaza), Txurdinagan, 13:00etatik 14:00etara. Aizkora eta harrijasotze.
  • Zapatua, irailak 25: Zorrotzako frontoia, 13:00etatik 14:00etara. Aizkora, jasotze eta txingak.
  • Domeka, irailak 26: Levante plaza, San Ignazio, 13:00etatik 14:00etara.
  • Domeka, urriak 3: Botikazar parkea, Deustu, 13:00etatik 14:00etara.
  • Domeka, urriak 17: Karmelo plaza, Santutxun, 13:00etatik 14:00etara.
  • Zapatua, urriak 23: Ibaizabal Landa, Abusun, 13:00etatik 14:000etara.
  • Domeka, urriak 24: Itsas Museoa, Abandon, 13:00etatik 14:00etara.
  • Domeka, azaroak 7: Altamirako frontoia, 13:00etatik 14:00etara.
  • Domeka, azaroak 28: Ametzolako plaza, Errekalden, 13:00etatik 14:00etara.
  • Martitzena, abenduak 21: Areatzako aterpeak, Zazpi Kaleak, 13:00etatik 14:00etara.

Itxaso Erroteta zinegotziak esan du oso garrantzitsua dela uriko kirol-entitateekin batera lan egitea eta herri kirolei ikusgarritasuna ematea: "herri kirolei gure hirian ikusgarritasuna emateko konpromiso sendoa daukagu. Herritarrek oro har eta umeek bereziki herri kirolak ezagutzea eta probatzea nahi dugu. Jakin dezatela herri kirolak kirola egiteko beste aukera bat direla, futbola, saskibaloia eta atletismoa diren bezalaxe". Gainera, Itxaso Errotetak herri kirolen garrantzi kulturala aipatu du. Adierazi du "kirola direla, baina baita zerbait gehiago ere: ohitura, usadioa eta nortasuna. Eta hori ezin dezakegu galdu, euskal kultur aberastasunaren zati bat delako".

HERRI KIROLAK IKASTETXEETAN

Bilbo Altxatuz programaz gain, lankidetza-hitzarmen honi esker, Bizkaiko Herri Kirolen Federazioak azaroan herri kirolak sustatzeko ekitaldi bat egingo du, lehen hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako ikasleentzat, euren adinei egokitutako materialarekin, zenbait herri kirol probatu ditzaten.

Jardunaldian parte hartu gura duten ikastetxeek Bizkaiko Foru Aldundiaren eskola-kiroleko plataforman alta hartu ahalko dute, eta federazioak kirol-aholkularitza teknikoa emango die ekitaldia egin baino lehen.

2022ko urtarriletik aurrera, federazioak, interesa duten ikastetxeetan, aldian behin jardunaldiak antolatuko dituzte, adingabekoek herri kirolak egin ditzaten.

KIROLERAKO ESTRATEGIA BILBON

Bilboko Udalaren, Bilbao Kirolak bitartez, eta Bizkaiko Herri Kirolen Federazioaren arteko hitzarmen hau Bilborako Kirol Estrategiaren barruan dago, lehenengo ardatzean zehazki: Bilbao Kirolak Komunitatea. Ardatz horrek kirolaren ekosistema dinamizatu gura du, beste erakunde eta entitate batzuekin eta herritarrekin arituta.

Herri kirolen sustapena Bilboko Udalaren kirol-politika zuzentzen duen dokumentu honetan ezartzen diren ekintza eta konpromisoetako bat da.