Irailaren hasierarekin batera, Bilboko Udalak martxan jarriko ditu berriro uriko gazteei bideratutako aisialdirako programak. Hala, asteazken honetan, hilak 15, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei bideratutako Gaztegune programetan izena emateko epea zabalduko da.

Izena emateko ordutegia 17:00etatik 20:00etara izango da, eta zein Gaztegunetan parte hartu nahi den, hango telefonora deitu behar da, edo lokalera bertara agertu; Gazteguneen kokalekua eta harremanetarako datuak Bilboko Udalaren webgunean daude, begiratu nahi izanez gero.

Denboraldi berria irailaren 17an hasiko da (ostirala) eta, ohi den legez, jarduerak eguazten eta eguenetan 17:00etatik 20:00etara eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara izango dira.

Bilbok 8 gaztegune dauzka, uriko auzoetan banatuak, eta eremu sozioedukatiboko profesional gazteek dinamizatzen dituzte, gazteen ekimenak jasoz eta babestuz.

Gainera, Gazteguneetan ondo pasatzeko makina bat aukera dauzkagu: liburuak, filmak, berriketarako txoko erosoak, bideo-jokoak, mahai-jokoak, futbolina, billarra, mahaiko tenisa, arte plastikoetako eta artisautzako materiala, karaokea, sukaldaritza eta Interneteko sarbidea duten ordenagailuak.

Gazteguneen helburua da aisialdiko denbora eta norberaren hazkundea sustatzea, gaitasunak eta ohitura osasuntsuak har ditzatela gazteek, eta berdinen arteko harremanak izan ditzatela, balioetan eta parte hartzean oinarrituak, gazte-gaztetatik.

OSASUN ARLOKO NEURRIAK

Jarduerak, edonola ere, era horretako guneetarako ezarritako segurtasuneko eta higiene-sanitarioko arauak eta gomendioak betez gauzatuko dira, eta koronabirusaren aurreko segurtasuneko eta higiene sanitarioko arau guztiak begiratuko dira.