Bilborockek hiru ekimen berri eskainiko ditu

11.09.2021 | 04:00
Bilborockek hiru ekimen eskainiko ditu denboraldi berrian.

Irailaren hasierarekin batera, Bilborock Aretoak ezagutzera eman du denboraldi berriaren programazioaren zati bat. Konkretuki hiru izan dira aurkeztutako ekimenak: "Chic Market", diseinatzaileek beren sorkuntzak aurkezteko azoka; "Freskure-Bilbao Fresh Musika", tokiko musika-talentuei laguntzeko; eta "Bideo-klippa", ekimenak bideoklipen bidez aurkeztu nahi dituzten musikariei zuzenduta.

Gainera, lehendik finkatuta zituen beste ekimen batzuk ere programatuko ditu, besteak beste, "Igandays", domeka goizetako kontzertuak; "Femme Bilbao", emakumeen arteko solasaldiak/kontzertuak; gazteentzako DJen lehiaketa eta Imaginautak programa.

CHIC MARKET

Tokiko diseinatzaileen 18 marka batuko dira datorren larunbatean, irailaren 11n, Bilborock aretoan, Chic Market azokaren lehen edizioan, 11:00etatik 20:00etara, ordutegi jarraituan.

Chic Market Bilbaoren helburua da Euskadin egindako artisautzari, modari eta diseinuari balioa ematea, tokiko sortzaileek (bitxigintza, etxea, moda, kosmetika, ilustrazioa, zeramika, gozogintza...) egindako kalitatezko eta diseinuko produktuak bilbotarrei hurbiltzeko.

Hau izango da guztira egingo diren lau azoketako lehenengoa; hain zuzen ere, irailaren 11n, urriaren 9an, azaroaren 27an eta abenduaren 19an egingo dira.

Hauek dira lehenengo azokan parte hartuko duten markak: Adricalyptica Design (soutache bitxigintza), Barock Jewelry (3Dn inprimatutako bitxigintza), Bazthan Bilbao (emakumeen moda), Carumenu (tapiz zatiekin egindako poltsak), Clino Art (ilustrazioa eta estanpazioa), El club de la plantas (landareen granja urbanoa), Harri Kontari (eskuz margotutako harriak), Ixaboiak (artisau-xaboiak), KB Sisters (artisau-osagarriak), Kuttun Art (erretxinez egindako bitxiak), La galga menta (moda eta artisau-osagarriak), LaPreTAda (zeramika), Lahruka (ilustrazioa eta moda feminista), Marielita Color (poltsak nazioarteko ehunekin eginak), Memiimo (estanpatuen diseinua eta ehungintza), Peperpetummobile (osagarriak).

Ekimen hau Adriana Rufrancos (Adricalyptica Design) eta Estibaliz Yuguero (BaRock jewelry) diseinatzaile gazteek antolatu dute, Bilboko Udalaren laguntzarekin.

Sarrera doakoa da, edukiera bete arte.

Azoka honetan parte hartu nahi duten pertsonak edo taldeak antolatzaileekin jar daitezke harremanetan helbide elektroniko honetan: chicmarketbilbao@gmail.com.

FRESKURE - BILBAO FRESH MUSIKA!

Bilbon indarra hartzen ari diren talde eta bakarlarien sorkuntza eta lanen erakusleiho izango dugu Bilborock. Ekimen berri honen helburua da musikari amateurrei beren sorkuntzak aretoan erakusteko guneak eskaintzea.

Guztira 4 kontzertu izango dira, bana irailetik abendura bitartean: irailaren 17an, urriaren 29an, azaroaren 26an eta abenduaren 10ean. Kasu guztietan 20:00etan hasiko dira.

Lehenbiziko kontzertuan, gure inguruko talde garrantzitsuenetako bi arituko dira: UNAI eta KENIAMA.

Aurrena Keniama taularatuko da, rap-taldea da, hainbat musika-estilo -hala nola Reggae, Hip Hop, Funk, Ska, Jazz eta Rap hardcore- nahasten dituen banda duena, Rap n'Roll deritzona sortuz.

Ondoren Unai arituko da. Unai Madariaga dugu eta izen hori aukeratu du bakarka aritzeko, 2020ko pandemian lehen diskoko gaiak grabatu ondoren hainbat lokaletan eta lagunen estudioetan. Arte Ederretako ikaslea, The Velvet Underground, John Frusciante, Kevin Morby eta Daniel Johnstonen nabaritzen da bere kantetan. Kontzertu hau hiru kideko bandaren formatuan eskainiko du.

Urriko, azaroko eta abenduko kontzertuetan parte hartu nahi duten talde/solistek beren proposamenak bidal ditzakete Bilborock-en helbidera (bilborock@bilbao.eus), gaian Freskure jarrita. Informazio gehiago, Bilborock-en telefono-zenbakian (944 15 13 06), astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

BIDEO-KLIPPA!

Hirugarren nobedadea "Bideo-klippa!" da, talde eta bakarlari gazteek beren musika-bideoklipak plataforma digitalez bestelako espazio batean aurkezteko programa berria. Bilborock-ek dohainik eskaintzen dio erabilera askotako aretoa kolektibo horri.

Bideoklipak pantaila erraldoian aurkeztuko dira Bilborocken eta sortzaileekin solasaldi labur bat izango da.
Kontzertuetan parte hartu nahi duten talde eta solistek beren proposamenak bidal ditzakete Bilborock-en helbidera (bilborock@bilbao.eus), gaian BIDEO-KLIPPA jarrita. Informazio gehiago, Bilborock-en telefono-zenbakian (944 15 13 06), astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

PROGRAMAZIO GEHIAGO

Berrikuntzez gain, Bilborock-ek Bilboko gazteen artean dagoeneko lekua duten beste programa batzuk ere hartuko ditu.

Lehen seihilekoaren arrakastaren ondoren, irailaren 26an, berriko jarriko da abian "Bilborock IGANDAYS", publiko gazteari zuzendutako goizeko kontzertuen zikloa, hilean behin, igandez, 13:00etatik aurrera. Ekimen hau Bilboko Udalak gazteen musikaren alde urian egiten duen apustua da, eta arreta berezia jartzen du emakumeek musika arloan duten presentzian.

  • Irailaren 26a (domeka), 13:00etan:

Cecilia Payne, Bizkaiko taldea, mutil 2k eta neska 2k osatua. Egiten duten musika 80ko eta 90eko hamarkadetako indie-aren inguruan dabil, baina surf iluna deitzea gustatzen zaie. 2017. urteko urrian, izen bereko lehen EP grabatu zuten Aingeru Malaxetxebarriarekin. Inguruko areto eta jaialdietan hainbat kontzertu eman ondoren, 2020ko urrian bigarren diskoa argitaratu zuten. Urte bereko azaroan, Rockein lehiaketako kategoria nagusiko saria irabazi zuten. Eta ondoren, hirugarren lana grabatu dute, "Pink town" izeneko EP bat. Azken disko hori Tigre Studios-en grabatu zen Xabier Eguiarekin batera, eta irailaren 1ean argitaratu zen.

  • Maiatzaren 10a, domeka, 13:00etan:

Mou Trumpet musika modernoko taldea da, Laura Mourelos Gárate Bilbon sortutako bokalistak eta Sergio Mayoral de la Puente tronpeta-jole eta ekoizle kantabriarrak osatua. 7 urtetik gorako esperientziarekin, taldea sendotu egin da eta Estatuko hainbat tokitan jo dute, Kanaria Handiko Salobre hotelean zein Bilboko Guggenheim Museoan. Bere ikuskizunean abesti oso ezagunen bertsioak egiten dituzte, horiek musika-estilo lasaietara (chill out edo down tempo) eta estilo martxosoagoetara ekarriz (house edo electro pop). Soinu Berriak 2020 lehiaketako hirugarren saria irabazi zuten.

  • Azaroaren 7a (domeka), 13:00etan

Inbigu Gipsy Jazz, 2019an Carlos Velascok, Víctor Delgadok, Aitor Torrek eta Gurutze Etxebarriak osatutako taldea. Swing, hot jazz eta Django Reinhardt sortzailearen ijito-jatorriarekin nahastuta. Jazz-kanta klasikoak, rockeko beste klasiko batzuekin tartekatuak, eta euskal kantak abesten dituzte.

Ziklo hau abenduaren 12an amaituko da, oraindik ziurtatu barik dagoen talde batekin. Sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da aldez aurreko salmentan eta 7 eurokoa lehiatilan.

Finkatzen ari den beste programa bat Femme Bilbao da, Bilboko emakume musikariekin egingo diren solasaldien eta kontzertuen zikloa. Irailean hasiko da eta 2021eko abendura arte iraungo du.

Saio hauetan ohikoa denez, bi musikarik -beteranoa bata eta gaztea bata-, solasaldia eta kontzertu bat partekatuko dute. Bertan beren esperientzia pertsonalak azalduko dituzte eta zuzeneko kontzertua eskainiko dute. Emanaldiak Bilbao Gazte eta Bilborock-eko sare sozialetan grabatu eta emitituko dira.

Femme Bilbao izeneko ekimena Bilborock-en garatuko da Rabba Rabba Girl taldearen eskutik, Bilboko Udalaren laguntzarekin, eta berdintasuna bezalako balioak sustatu nahi ditu, artista finkatu eta berrien eta gaurkotasun handiko bestelako emakumeen arteko topaketak bultzatzeko.

Irailean, Ayvee, Laura Amosis, A1 Goldie eta La Basu izango dira, eta urrian, artista gonbidatuak Alas Glow & Ainhoa Larrañaga eta Carla Lunática izango dira.

Gainera, Bilborock-ek 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako DJ lehiaketa eta Imaginautak lehiaketa hartuko du berriro. Horri esker, gazteek Bilborock-en hainbat arte-diziplinatako proiektuak partekatzen jarraitu ahal izango dute.

Imaginautak Kultur Elkartea arte eta kultur mugimendua da, eta proiektu honekin jarraituko du irailaren 22an, urriaren 26an, azaroaren 25ean eta abenduaren 20an. Ekitaldiak 18:00etan hasiko dira eta doakoak izango dira lekua bete arte.

Imaginauta streaming bidez emango da Imaginautak taldearen plataformaren bidez.

GAZTE EGUNAK

Bilboko Udalak "GazteEgunak" ekimenarekin jarraitzen du, 18 eta 35 urte bitarteko pertsonei eta taldeei formatu txikiko jarduerak edo ekitaldiak antolatzeko aukera doan eskainiz; taldean aurkeztuz gero, taldearen % 50 baino gehiago adin-tarte horretakoa izango da.

Hilean behin (martitzena edo eguaztena), Bilborock-ek erabilera askotarako aretoa, hango ekipoak eta teknikariak jarriko ditu erabilgarri, nahi dutenentzat. Helburua da pertsona eta talde gazteei erabilera anitzeko gela eskaintzea, Bilborocken euren jarduerak programatu ahal izan ditzaten.

Interesdunak harremanetan jar daitezke Bilborock-ekin: 944 15 13 06 (astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:30era) edo bilborock@bilbao.eus helbidean, gaian "Gazte Egunak programa" jarrita.

OSASUN-SEGURTASUNEKO NEURRIAK

Bilborocken egiten diren programa guztietan, covid-19ari aurre egiteko segurtasun- eta higiene-arau eta gomendio guztiak bete eta errespetatuko dira.

Gehienez ere, 120 lagunentzako tokia dago eta ikuskizunetan eserita egon behar da. Ekipamenduaren barruan, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da ikusleentzat, artistentzat eta Bilborockeko langileentzat.

noticias de deia