Tokiko turismoa sustatzeko estrategia digitala indartuko du Bilbok

21.07.2021 | 16:22
Kanpainaren aurkezpena.

Bilboko Udalak bat egingo du Bizkaiko Foru Aldundiarekin, kanpoko turistak erakartzeko eta atzerriko turismo-enpresekin aliantzak susatzeko estrategia digital berri bat sortze aldera.

Ildo horretan hartutako lehenengo neurrietako bat izan zen iazko udazkenean martxan jarri zen turismoa sustatzeko kanpaina digitala, bisitari izan zitezkeenei zuzendutakoa, estatuaren eremura mugatuta, garai hartan zeuden murrizketen eta turismoan izandako aldaketen ondorioz, epe laburrera merkatu-hobi onena zela pentsatu baitzen. 'Descubre tu lado Bilbao Bizkaia' eslogana erabilita eta Itziar Ituño eta Gotzon Mantuliz influencer ospetsuen parte-hartzearekin, kanpaina aurtengo maiatzera arte garatu da eta emaitza oso onak lortu ditu. Izan ere, kanpaina horri esker, Bilbao Bizkaiaren sare sozialen multzoak Euskadin komunitate-liderra izatea lortu du, eta 13,8 pertsonarengana iritsi da. Bilbao Bizkaiaren sare sozialen kokapenak izan duen hobekuntza are nabarmenagoa da kontuan hartzen bada jarraitzaile kopuruan izandako gorakada sendotu egin dela, eta kopuruan ez dela ia aldaketarik nabaritu kanpaina amaitu ondoren.

Kanpaina @visitbiscay-ren sareetan (Facebook eta Instagram) garatu da oso-osorik. Kanpainaren aurretik, bi sare horietan zeuden jarraitzaileen kopurua ez zen 5.000 erabiltzailera iristen. Orain, 131.300 kontu baino gehiago dira. 'Descubre tu lado Bilbao Bizkaia' kanpainaren bidez, 82.700 jarraitzaile berri lortu dira Instagramen, eta 38.900 zale berri Facebookeko orrian.

Kanpaina 13,8 milioi pertsonarengana iritsi da, eta 106 milioi eta 29 milioi iritzi baino gehiago jaso dira, hurrenez hurren, Instagramen eta Facebooken. Sare horietako lehenean lortutako interakzioa (engagement delakoa, argitaratutako edukiarekiko interakzioa) 4,8 milioikoa dela zenbatesten da, eta bigarrenean, berriz, 1,6 milioi ingurukoa. Datuak gehiago zehaztuta, Instagramen hau da lortu dena: 49.000 ohar baino gehiago; 1.300.000 erantzun baino gehiago; 17.700 argitalpen gorde dira; 3,3 milioi bistaratze baino gehiago, eta 51.000 klik baino gehiago lotunean. Instagramen, berriz, hau da lortu dena: 9.500 ohar baino gehiago; 223.000 erantzun baino gehiago; 18.000 argitalpen baino gehiago partekatu dira, eta 3,3 milioi bistaratze baino gehiago kanpainaren edukiari lotuta.

Horrenbestez, Instagramen, interakzio horren batez besteko ratioa % 4,6koa izan da, eta Facebooken, berriz, % 5,6koa. Ratio horiek antzeko sektoretako kanpainetan ohikoa denaren gainetik daude, normalean, eta hurrenez hurren, % 2koa eta % 2 eta 3 artekoa izaten baita.

SARE SOZIALETAKO CASTINGA

Kanpaina horretan lortutako datu onak eta oraingo destinoei buruzko marketin-azterlanen ondorioak –bidaia aukeratzeko erabakia aztertzen denean, sare sozialak funtsezkoak direla diote– kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak erabaki dute marketin digitaleko beste kanpaina bat egitea udazken honetan, @visitbiscay eta @bilbaoturismo kontuen bitartez.

Halaber, Bilbao Bizkaia markaren turismo-sustapena egiteko hurrengo kanpainan protagonista izango diren pertsonak aukeratzeko casting digital bat abiarazteko agertokia izango dira kontu horiek. Castinga gaur hasiko da, uztailak 19 (astelehena), eta hautapen-prozesu horren hasierari buruzko informazioa emateko bideoak, karatulak eta karruselak argitaratuko dira. Bi hilabetez iraungo du.

Casting horretan parte hartu nahi dutenek web orriko formularioaren bidez erregistratu beharko dute, marketin digitaleko etorkizuneko kanpainaren ardatz izango diren sei gaietatik (art, food, nature, sea, urban edo basque lover) bat edo gehiago aukeratu beharko dituzte; bideo bat grabatu beharko dute (30 segundo, gehienez) gustukoen duten lekuan eta Instagram edo Facebooken jarri (post, storie, reel...). Argitaratzen duten horretan @visitbiscay eta @bilbaoturismo aipatu beharko dituzte eta #BilbaoBizkaiaLover traola erantsi beharko dute.

Hautapen-prozesu honen helburua ez da soilik pertsona karismatiko bat eta jarraitzaile asko dituena aurkitzea, baizik eta bideoz komunikatzeko gai dena. Bizkaian jaio edo bizi diren edo laneko edo aisialdiko jarduera gehiena gure lurraldean egiten duten adindunak lortu nahi dira, Bilbao Bizkaiari buruzko edukiak modu proaktiboan sortzen dituzten profil aktiboak dituztenak, eta ordezkatu behar duten eremua ondo ezagutzen dutenak eta harekin oso identifikatuta daudenak.

Lehenengo edukiak argitaratzen direnetik hautapen-prozesuaren bosgarren astera bitartean, partaideen lehen iragazketa bat egingo da eta eduki horiek castingerako berariaz sortutako mikrosite batean argitaratuko dira. Talde arduradunak material guztia ikusiko du, eta, hasiera batean, hiruzpalau profil aukeratuko dituzte gai bakoitzeko. Aurrerago, lehen aukeraketa hori @visitbiscay eta @bilbaoturismo profiletan aurkeztuko da, ikusleen artean duen onarpena aztertzeko. Hala ere, castinga zabalik mantenduko da, pertsona gehiagok parte hartu ahal izateko. Azkenean, sei #BilbaoBizkaiaLover aukeratuko dira, gai bakoitzeko bat, eta turismoko sareetan aurkeztuko dira.

Pertsona horiek, Bilbao Bizkaiaren irudia izateaz gainera eta turismoa sustatzeko hurrengo kanpainan parte hartzeaz gainera, gure lurraldeko turismo-jardueretan parte hartu ahal izango dute, Caravan Trip esklusibo batean parte hartuko dute #BilbaoBizkaiaLover izendatutako beste pertsonekin eta ikusgaitasuna eta entzutea izango dute @visitbiscay eta @bilbaoturismo profiletan.

MATCH BILBAO BIZKAIA

Azken publikoari (Bilbao Bizkaia bisitatzen duten pertsonak) bideratutako sustapenarekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak destinoa sustatzearekin lotutako ekimenak landu dituzte azken hilabeteetan, sektoreko enpresa eta erakundeei begira. Izan ere, pandemiak nazioarteko mugikortasuna asko mugatu badu ere, txertatze-kanpainaren gaur egungo erritmoa ikusita eta astiro-astiro murrizketak kenduz joan direla kontuan hartuta, pentsatzekoa da datozen hilabeteetan atzerriko turismoa suspertzen hasiko dela, eta Bilbao Bizkaia horretarako prestatzen ari da.

Ildo horretan, Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Match Bilbao Bizkaia ekimena sustatu dute, besteak beste lurraldeko turismo-enpresen eta atzerriko bitartekarien artean negozio-harremanak suspertzeko eta harreman berriak sortzeko, eta, hala, destinoaren aktibazioa sustatzeko eta tokiko turismo-eskaintza dinamizatzeko, destinoko produktu, baliabide eta zerbitzu turistikoen merkaturatzea erraztuko duten euskarri digitalen bidez.

Ekimen hau Europako 15 merkatutako turismo-sektoreko profesionalentzat da, eta hiru fase ditu: 2 birtualak dira, eta hirugarrena, aurrez aurrekoa. Urte honetan zehar garatzen ari dira. Fase horietako lehena ekainaren 8an eta 9an izan da. Egun horietan, Match Live destinoa aurkezteko ekintzen multzoa gauzatu zen, streaming bidez, telebistako lau programen formatuan, Bilbao Bizkaiak Europako merkatu nagusietan dituen bitartekari turistikoei zuzenduta, eta lau gai izan zituzten ardatz: City & Experience, Coast, Nature & Rural eta MICE.

Ekimen honen bigarren fasea Virtual Match izan zen, eta Match Live eta gero egin zen, ekainaren 8tik 18ra bitartean. Workshop birtual bat egin zen, non tokiko ostatu-enpresek, hartzaileek eta turismo-zerbitzuek aukera izan baitzuten Match Liven parte hartu zuten Europako erosleekin (buyer) harremanetan jartzeko.

Hitzordu bietan tokiko 43 enpresak eta atzerriko 179 enpresak parte hartu zuten, 881 hitzordu eskatu ziren eta 320 bilera egin ziren, gehienbat Frantziako (63), Italiako (55), Erresuma Batuko (39), Alemaniako (31) eta Herbehereetako (30) merkatuekin. Halaber, 208 bistaratze erregistratu ziren Zoom plataforman, eta 566, Youtuben.

Ekimen honen azken fasea Match in Place da, eta udazkeneko eta neguko hilabeteetan egingo da. Data horietan, elkarrekiko sustapen-jardunaldiak egingo dira destinoan bertan, Europako eragile eta touroperadore ugarirekin. Aurkezpenak, workshopak, ikuskapen-bisitak eta topaketa sozialak egingo dira.

noticias de deia