Abuztuaren 16tik 31ra bitartean uriko barruti bakoitzeko bi edo hiru barraka eta txurrotegi bat jartzea onartu egin du Bilboko Udalak. Bigarren urtez jarraian, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, ez da barraka-esparrurik egongo Etxebarria parkean, baina Udalak irtenbide bat bilatu egin du aurten.

Data horietatik kanpo, gainera, bi edo hiru barraka jartzeko aukera egon daiteke, kulturaren alorreko ekitaldi edo asteak ospatzen direnean. Beraz, auzoetako jai-batzordeek Espazio Publikora bidaltzen dituzten eskaerak banan-banan aztertu eta ebaluatuko dira, eta ahal den guztietan baimenduko dira.

Modu berean, irailaren 1etik 30era Italiar Zirkua jarriko da Etxebarria parkean.

Barruti guztien ezaugarriak eta egoera aztertu dira (azalera, orografia, ...), eta barrakak leku hauetan ipintzea erabaki da:

  • 1. barrutia: Botikazar plaza eta Levante plaza.
  • 2. barrutia: Jesus Insausti plaza eta Zurbaranbarri.
  • 3. barrutia: Kepa Enbeita plaza.
  • 4. barrutia: Polboretxebidea eta Basarrate Landa.
  • 5. barrutia: Ibaieder parkea.
  • 6. barrutia: Indautxu plaza.
  • 7. barrutia: Errekalde plaza.
  • 8. barrutia: Zankoeta Sabino Aranarekin, eta Merkatuko plaza.

ADJUDIKAZIO PROZEDURA

Bilboko Udalak, Espazio Publikoaren Zuzendaritzaren bidez, uztailaren 12an, astelehena, deialdi publiko bat egingo du, hilaren 16ra arte (ostirala). Deialdia Udalaren web-orrian argitaratuko da eta, haren bidez, umeentzako barrakak eta/edo txurrotegiak ustiatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek uda honetan instalazioak jartzeko eskaera egin ahalko dute. Barraken ezaugarriak eta neurriak deialdian zehaztuko dira.

Zerrenda hori eskuan, eta barraka eta kokaleku bakoitzaren ezaugarriak eta neurriak ikusita, Udalak espazioak zozkatuko ditu izena eman duten pertsonen artean. Bi lote finkatuko dira, barraken tamainaren arabera, eta espazioak adjudikatuko dira. Zozketa uztailaren 22an egingo da (osteguna), 9:00etan.

Zozketan izen-emateko Udalaren webgunean dagoen eskabidea bete eta espaciopublico.up@bilbao.eus helbide elektronikora bidali beharko da.