Ostegunean arratsaldean, uztailak 1, Luis Alberto Zubiaur eta Paco Dehesak egindako 'Veterinarios municipales de Bilbao (1846-1987). De la Albeitería a la Salud Pública' ikerketa-lanaren aurkezpena egin zen. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ekitaldian parte hartu zuen.

Udalak argitaratuta, “Veterinarios municipales de Bilbao (1846-1987). De la Albeitería a la Salud Pública” liburuak uriko albaitaritzaren historiaren errepaso zabal eta zehatza bildu du, Udalak XIX. mendearen erdialdean haragien segurtasuna bermatzeko kontratatu zuen lehen ikuskatzailearengandik hasi eta 1887an eratutako Bilboko Udal Albaitaritza Zerbitzuak mende bat geroago Osasun eta Kontsumo Sailean sartu eta desagertu zen arte.

776 orrialdetan, erretiroa hartu arte Bilboko Udaleko albaitariak izan diren Francisco Dehesak eta Luis Alberto Zubiaurrek albaitaritzaren jatorri historikoak aztertu dituzte, eta horretarako, Erdi Aroko albaitarien zeregina ekarri dute gogora, lanbidearen arabierazko jatorrizko izenak egungo euskaran iraun duela nabarmenduz.

Liburua hainbat argazki, irudi eta agiri historikoz hornitu dute, Dehesak eta Zubiaurrek egindako ikerketa-lan handia osatzeko. Egileek “albaitari profesional guztiei” eta “osasun lanbide guztiei” eskaini diete obra, eta beren-beregi nabarmendu dute albaitaritzak historian izan duten garrantzia “osasun krisi larriak kudeatu eta garaitzeko, bereziki jatorri infekziosoa zuten kasuetan eta elikagaiekin erlazionatutako egoeretan, izan ere Bilboko udal albaitariak krisi horien guztien lekuko bereziak izan dira, eta askotan protagonistak ere, nahi gabe”.

ALKATEAREN HITZAURREA

Liburuaren hitzaurrean Juan Mari Alkateak nabarmendu duenez, "Bilboko udal albaitariek gure mahaiak hornitu dituzten animalia-jatorriko produktu guztien kalitatea bermatzen lagundu dute azken mendeotan, haurtzaroan ezagutu genuen Beyena lantegiko esnea barne, izan ere, garai hartako Bilbo gris eta industrial hura esnearen higienizaziorako hiririk onenetakotzat jo zuten”.

Azkenik, Alkateak albaitaritzaren egungo eginkizuna gogorarazi du: “egun, albaitarien esku daude, halaber, adin guztietako bilbotarren bizimoduan gero eta ohikoagoak diren maskoten arreta eta zaintza. Lan laudagarri honen ondorioz ere, ederto merezia dute Paco Dehesak eskainitako lan entziklopediko handi hau”.