Uriko bizilagunen bizikidetzarekin eta bizi-kalitatearen hobekuntzarekin konprometituta dauden 60 urtetik gorako pertsonen lana nabarmentzen duten Bilbao+60 sarietarako hautagaitzak proposatzera animatu egin du Bilboko Udalak.

Hala, Udalak Bizkaiko hiriburuko 60 urtetik gorako pertsonen eta kolektiboen aparteko dedikazioa eta entrega balioesten ditu; izan ere, pertsona eta kolektibo horiek nabarmentzen dira hiri adeitsua egiten laguntzeagatik, adinekoei protagonismo handiagoa emateagatik, belaunaldien arteko espazio eta proiektu berriak bultzatzeagatik, adinekoen zeregin aktiboa ikusarazten laguntzeagatik, bai eta haien esperientziagatik, ezagutzengatik eta bizitzan zehar izandako parte-hartze aktiboagatik ere.

Hautagaitzak proposatu nahi dituzten pertsonek edo elkarteek inprimakia bete dezakete, www.bilbao.eus helbidean eskuragarri dagoena, eta bilbaoamigablemayores@bilbao.eus helbide elektronikora bidali, edo Udal Erregistroaren bidez, Gizarte Ekintzako Sailera zuzenduta.

Urtean 3 sari ematen ditu gehienez. Epaimahaia Bilbao+60 Planeko talde eragileko 60 urtetik gorako pertsonek eta Gizarte Ekintzako Saileko profesionalek osatzen dute. Hautaketa egiteko, honako hauek hartuko dira kontuan: jarduera-mota, artatutako beharrak eta onuradunak, jarduera garatzen den barrutia, saritutako pertsonen artean emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea, eta jarduera-eremua OMEk “Hiri Adeitsuak adinekoekin” programa hedatzeko proposatzen dituen 8 ardatz tematikoetan oinarritzea - aire zabaleko espazioak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, gizarte-partaidetza, errespetua eta gizarteratzea, parte-hartze zibikoa eta enplegua, komunikazioa eta informazioa, bai eta komunitate- eta osasun-zerbitzuak ere.

AURREKO EDIZIOETAN SARITUTAKO PERTSONAK

Udalak 2015. urtetik ematen ditu sari horiek, eta ordutik Bilboko 18 adinekoren lana saritu du:

  • 2015: Ibon Areso, Satur Abón eta Florentino Martinez Gonzalez
  • 2016: Sabin Ipiña, Mª Jesús Cava eta Mª Luisa Mendizabal
  • 2017: Jesús Antonio Pérez Arróspide, Iñaki García Ergüin eta Begoña Ariño
  • 2018: Alfonso Dubois, Begoña Rueda eta Mikel Bilbao
  • 2019: Carlos Zubiaga, Ana María Peña eta Begoña Aguirrezabal
  • 2020: Luciano Azpiazu, Teresa Reizabal eta Txetxu Lombardero

BILBO, HIRI ADEITSUA ADINEKOEKIN

Adinekoekiko konpromisoa dela-eta, Adinekoekiko Hiri Adeitsuen Udalen Sareko partaidea da Bilbo. Munduko Osasun Erakundeak abian jarri zuen sarea 2006an, zahartzen ari direnen beharretara egokitutako inguru urbanoak sortzeko eta adinaren ikusmoldetik zenbait alderdi lantzeko.

Programa horren ildotik, Udalak "Bilbo hiri adeitsua adineko pertsonekin. Bilbao+60" plana dauka, adinekoen behar eta itxaropen berriei erantzun egokiak emateko eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzeko.