Bilboko Udalak udako hurrengo hilabeteetarako uriko kulturaren, aisialdiaren eta entretenimenduaren aldeko apustua egin du. Horrela azaldu dute Udaleko kideek, gaur goizean, #UDAKALEAN aurkezteko prentsaurreko batean; izan ere, udan, proposamen berritzaile, entretenigarri eta freskoz beteko da uria, adin eta gustu guztietako bilbotarren entretenimendurako pentsatuak eta diseinatuak.

Udako #UDAKALEAN-en xehetasunak Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak azaldu dituzte. Biek adierazi dutenez, garrantzitsua da une honetan kultura-sektorearekin batera egotea, hura babesten eta haren lanaren alde egiten jarraitzeko.

Ildo horretan, Gonzalo Olabarriak aitortu du hilabete zailak izaten ari direla pertsona eta sektore askorentzat, besteak beste, kulturalarentzat; horregatik, #UDAKALEAN-ekin, uria dinamizatu nahi da eta herritarrei entretenimenduzko alternatiba bat eskaini nahi zaie, eta, gainera, “apustu garbi bat da gure inguruko talentua, hilabete hauetan berrasmatzeko, laguntzeko eta denoi gure denbora librea kalitatezko denbora libre bihurtzeko aukera emateko hain gogor lan egin duten profesional horiena, bultzatzeko”.

Bestalde, Itziar Urtasun Bizikidetza, Lankidetza eta Jaietako zinegotziak esan du behar handia dugula “irribarre handia egiteko, maskararekin edo gabe, eta, programazioa ikusita, lortuko dugu, #UDAKALEAN ondo pasatzeko diseinatuta dagoelako; hori bai, behin eta berriz errepikatuko dugu, banaka zein taldean arduratsuak izanda eta pandemiaren bilakaeraren arabera beti”.

Halaber, Itziar Urtasunen ustez, “publiko eta gustu guztietarako programazio ireki bat da, askotarikoa, gure kontsignekiko leiala, eta, beraz, inklusiboa, errespetuzkoa eta berdintasunezkoa. Halakoxeak gara, bada, bilbotarrok, eta horri eutsi diogu”.

#UDAKALEAN-ek 200 PROPOSAMEN BAINO GEHIAGO biltzen ditu; Udalaren arloek eta udal-erakundeek diseinatu dituzte, eta uriko udako egunak planez beteko dituzte. Arte eszenikoek eta kalekoek, musikak, euskal folkloreak edo literatura-hitzorduek ez dute «udako oporrik hartuko urian», eta datozen hilabeteetan Bilbon egongo diren bilbotar guztiek disfrutatu ahalko dituzte, bai eta gurera datozen bisitariek ere.

Uztailean, abuztuan eta irailean, Udalak berriro emango dio laguntza kulturaren, aisiaren eta entretenimenduaren sektoreari, apustu irmoa egin baitu tokiko talentuaren alde, behar berezia duen garai batean.

Urian, udari hasiera emateko, pertsona oro gonbidatuta dago lehen mailako proposamen hauetaz gozatzera; osasun- eta higiene-neurri guztiak bermatu egongo dira profesionalentzako eta bertaratuentzako.

Hitzordu horietako gehienak DOAKOAK izango dira, baina gonbidapenak beharko dira; jarduera bakoitza hasi baino 48 ordu lehenagotik eskuratu ahalko dira esteka honetan. Gogoan izan pertsona bakoitzak bi gonbidapen bakarrik erreserbatu ahalko dituela, eta gonbidapenok inprimatuta edo edozein gailu mugikorretan eraman ahal izango dituela. Erreserbak jarduera bakoitza hasi baino 15 minutu lehenago arte balioko du.

Gainera, ahalik eta bilbotar gehienek ikuskizun horien kalitateaz goza dezaten, Udalak emanaldien bideoak eta irudiak zabalduko ditu, Bilboko Udalaren, Bilbao Kulturaren eta Bilbao Jaiaken sare sozialetako profilen bidez.