Europako helburuak betetzeko

Ostalaritzako gaikako zabor bilketa sustatzeko kanpaina abiarazi du Bilbok

31.05.2021 | 20:11
Hondakinak gaika birziklatzeko edukiontziak.

BILBO. Ostalaritzaren sektoreko gaikako zabor bilketa sustatzeko kanpaina jarri berri du martxan Bilboko Udalak. Kanpaina hau ezinbestekoa da hondakinak bereizteari eta birziklatzeari buruzko Europako helburuak lortu ahal izateko.

Hala azaldu dute gaur goizean prentsaurrekoan Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Saileko zinegotzi ordezkariak, Kepa Odriozolak, eta Ecovidrio eskualdeko kudeatzaileak, Óscar Acedok. Horiekin batera, elkarte hauetako arduradunak egon dira: Bizkaiko Ostalaritza Elkartea, Bilbao Dendak, Bilbao Centro eta Zazpi Kaleetako Komertzio, Ostalaritza eta Enpresen Elkartea.

Zinegotziak gogorarazi du "Europako araudiak asmo handiko helburuak ezartzen dituela hiri-hondakinen birziklapenari dagokionez", eta horiek, gainera, "nahitaez bete beharrekoak" direla. Zehatz esateko, helburu horiek haziz arian-arian, 2035ean % 65ekoa izatea lortu arte. Hori dela eta —adierazi du Odriozolak—, "Udalak birziklatzearen alde egiten jarraitzen du, baliabide materialak eta giza baliabideak jarriz, sareak sortuz eta birziklatzearen inguruko kontzientziazioa landuz; eta aste honetan hasiko dugun kanpaina urrats bat gehiago da lan horretan".

Hasiera batean, ekimen hau ostalaritzara begira egingo da. Zehazki, lehenik eta behin 5. eta 6. barrutietan egingo da –Abandon, Indautxun eta Zazpi Kaleetan pilatzen baitira uriko tabernen eta jatetxeen ia erdiak (% 50)- eta uda ostean gainerako barrutietara eta sektoreetara zabalduko da.

Bilboko Udalak informazioa eman, sentsibilizazioa indartu eta behar den materiala emango die ostalaritzako establezimenduei, materia organikoa birziklatzen lagun dezaten eta, hartara, sortzen dituzten hondakinen bilketa optimiza dezaten.

Udalak dituen datuen arabera, 5. Barrutian 520 establezimendu daude martxan eta 6. Barrutian 752. Horietatik oso gutxi dira hondakin organikoaren bilketara atxikita daudenak, 8 eta 26 establezimendu edo % 1,53 eta % 3,45, hurrenez hurren. Kanpaina honen helburu nagusietako bat da era horretako establezimenduak, hondakin-sortzaile handiak baitira, erakartzea eta bosgarren edukiontzira atxiki daitezela lortzea.

Bestalde, gaika biltzen denaren kalitatea handitzeari ere eman nahi zaio garrantzia.

KANPAINAREN FASEAK

Lehenengo fasean -informazioa ematea- Udala 5. eta 6. barrutietako establezimendu guztiekin harremanetan jarri eta bisitatu egingo ditu. 1.272 establezimendu dira.

Bisita horiek langile kualifikatuek –ingurumenaren arloko hezitzaileak- egingo dituzte eta eguaztenean hasiko dira. Horietan, hondakinak birziklatzeari eta gaika bereizteari buruzko araudiaren berri emango zaie establezimenduetako arduradunei, eta birziklatzeko ohiturei buruzko inkesta bat ere beteko dute. Gainera, edukiontzi marroira (materia organikoari dagokiona) atxikitzeko inprimakia emango zaie eta zer-nolako behar materialak -ontziak, poltsak€- dituzten aztertuko da eta adostuko dute behar duten materiala emateko modua.

5. Barrutian ekainean egingo dira bisitak eta 6. Barrutian uztailean.

Geroago, bigarren fase batean, egiaztapeneko bigarren bisita egingo zaie, irailean.

Prozedura eta logistika bera erabiliz, uda ostean uriko gainerako barrutietara zabalduko da kanpaina, bisitatu beharreko ostalaritzako lokalen kopurua arestian aipatutakoa baino nabarmen txikiagoa da-eta.

  • 1. Barrutia-Deustu: 333 establezimendu.
  • 2. Barrutia-Uribarri: 189 establezimendu.
  • 3. Barrutia-Otxarkoaga/Txurdinaga: 96 establezimendu.
  • 4. Barrutia-Begoña: 287 establezimendu.
  • 7. Barrutia-Rekalde: 298 establezimendu.
  • 8. Barrutia-Basurtu/Zorrotza: 218 establezimendu.

Era berean, Udalak beste hondakin-sortzaile handi batzuk ere gehitu nahi ditu, hala nola hotelak eta jantoki sozialak, kanpainaren hurrengo fasean.

1.379 EDUKIONTZI MARROI

Hondakin organikoak biltzeko sistema berriarekin, martxoaren 1az geroztik martxan dagoena, besteak beste, haragi- eta arrain-hondakin gordinak edukiontzi marroira bota daitezke. Horrek erraztu egiten du era horretako hondakinak bereizteko lana.

Une honetan, Bilbon 1.392 edukiontzi marroi daude; eta, aipatu behar da iaz 3.119.706 kilo hondakin organiko bildu zela urian.

Datu osoak dituen azken hilabetea, apirila, aztertuz gero, 299.820 kilo hondakin organiko bildu ziren urian, hau da, 2020an baino % 6,05 gehiago – 282.261 kilo bildu ziren –. Une honetan 30.830 familia daude Bilbon bosgarren edukiontzira atxikita, 2020an baino % 8,12 gehiago.

ESPERIENTZIA BEIRAREKIN

Erabilera bakarreko beira-ontzien hondakinen % 52 ostalaritzan sortzen da; beraz, ostalarien laguntza funtsezkoa da beirazko ontzien gaikako bilketaren zifrak handitzeko eta birziklatze-helburuak lortzeko. Hori dela eta, 2019ko irailean Bilboko Udalak kanpaina bat jarri zuen martxan uriko ostalarien artean beirazko ontziak birziklatzea bultzatzeko.

3.000 bisita eta 2.000 inkesta baino gehiago egin ziren ostalaritzako establezimenduetara. Errazago birziklatzeko, Ecovidriok edukiontzi bereziak jarri zituen eta gurpildun edukiontziak banatu zituen.

Gaur, ia bi urte geroago, esan daiteke ekintza hark eta sektore osoaren inplikazioak emaitza bikainak ekarri dituztela, eta, ondorioz, Bilbo gehien birziklatzen duen Estatuko hirugarren hiriburua da.

Zehazki, Ecovidrio enpresak 2020ari buruz emandako datuen arabera, Bilbon herritarrek 7.662 tona beira-ontzi bota zituzten edukiontzi berdeetan, biztanleko 21,9 kilo batez beste.

Edukiontzien kopuruari dagokionez, 1.249 edukiontzi berde ditugu, hau da, edukiontzi bat 280 biztanleko.

 
noticias de deia