Ekainaren 5ean

Datorren larunbatean ospatuko da Elhuyar Zientzia Azoka

31.05.2021 | 11:24
12-18 urteko gazteek ikasturtean zehar egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte Elhuyar Zientzia Azokan.

Datorren larunbatean, ekainak 5, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek ikasturtean zehar egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte Bilboko Areatzan ospatuko den Elhuyar Zientzia Azokan. Edizio hau presentziala izango da berriro, aurreko urtean koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta online egin izan eta gero.

Edizio honetan aurkeztu diren 110 proiektuetatik, 20 aukeratu ditu epaimahaiak, eta, egoera dela eta, 20 talde horiek soilik hartuko dute parte ekitaldian.

Arratsaldean, sari-banaketa egingo da Zabalgune eraikinetik, streaming bidez eskainia. Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea, zientziaren eta teknologiaren mundu erreala gazteei hurbiltzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea.

Gaur hasi eta ostiralera bitarte, berriz, Elhuyar Zientzia Azoka birtuala egingo da. Batetik, proiektuak garatu dituzten gazteek topaketak egingo dituzte ikertzaileekin, eta euren ikerketa-proiektuaren berri emango diote elkarri.

Bestalde, goizero, 10:00etan, zuzeneko tailerrak eskainiko dituzte ikertzaileek, eta, 12:00etan, ikasleen eta ikertzaileen arteko solasaldiak izango dira. Webgunean dago aste osoko egitaraua.

Elhuyar Zientzia Azokan, gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute. Zientzia Azokaren 9 urteko ibilbidean zehar, sare zabal eta sendoa hedatuz joan da. Hari esker, ikertzaileek gazte parte-hartzaileen gidari eta aholkulari lanak egiten dituzte eta aurkeztutako lanen ebaluazio-prozesuan parte hartzen dute. Datorren larunbatean, Elhuyar Zientzia Azokan egongo dira eta unibertsitateek stand propioa izango dute, euren ikerketa-proiektua jendaurrean erakusteko.

ELHUYAR ZIENTZIA AZOKA DATUTAN

  • 32 ikastetxetako 110 proiektu aurkeztu dituzte 353 gaztek: neskak 197, mutilak 153, ez bitarrak 1
  • Bizkaiko 40 talde, Gipuzkoako 33 talde, Nafarroako 26 talde, Arabako 4 talde eta estatuko beste azoketako 4 talde ere partaide izan dira.
  • DBHko 84 talde eta Batxilergoko 26 talde izan dira guztira.
  • 82 proiektu euskaraz, 19 gaztelaniaz eta 9 ingelesez aurkeztu dira.
  • Aurkeztu diren lanak 8 gaitan banatuta daude: biologia/geologia, energia, fisika/kimika, gizarte-zientziak, humanitateak, ingeniaritza/teknologia, ingurumena/ekologia, osasuna.
  • Gazteen lan guztiak Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude ikusgai: https://labur.eus/2zL8H

ELHUYAR ZIENTZIA AZOKA BIRTUALA

Pandemia-egoera dela eta, 2020-2021 ikasturteko prozesua online egin da; gazteek proiektuak ikastetxeetan garatu dituzte eta bideodeien bidez egon dira ikertzaile profesionalekin harremanetan. Larunbatean egingo den azokara begira ere, egoerak ez du ahalbidetzen ikasturtean zehar parte hartu duten gazte-talde denek bertaratzeko aukera izatea, eta, beraz, 20 talde finalistak izango dira Bilbon.

Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.

noticias de deia