BILBO. Bilboko Udalak 1.381.742,60 euroko aurrekontua bideratuko du Campo Volantin pasealekua eta Tiboli zeharbidea lotuko dituen igogailu bat eraikitzeko. Lan horrekin, Castañoseko irisgarritasuna hobetuko du Udalak. Aurreikusita dago bederatzi hilabetean lanak amaitzea.

Hainbat plataformatan dauden kale horiek, eta batetik bestera joateko eskailerak edo malda handiko arrapalak daude, kasu batzuetan, malda % 21,5era iristen da. Zehazki, San Agustin estratara lehenengo eta Tiboli zeharbidera ondoren doazen arrapalak eta eskailerak Campo Volantinetik abiatzen dira, 5. eta 7. zenbakien atarian dauden ataripeetatik.

Egoera hori nabarmen hobetuko da Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak aurreikusitako elementu mekaniko bertikal berriarekin. Obra horiek laster aterako dira lizitaziora. Igogailuak 16,36 metroko altuerako desnibela gaindituko du, eta bi geraleku izango ditu 180 º-tan eta larrialdiko geraleku bat, eta hamahiru lagunentzako tokia.

Aurreikusitako lanen artean daude, halaber, goian pasabide bat egitea -18,31 metro izango ditu- jendea errazago joan dadin goiko geralekutik Tiboli zeharbidearen eta San Agustin estrataren arteko elkargunean dagoen plazara. Udalak plaza hori konponduko du, baita ondoko ezponda ere.

Igogailuaren kabina eta goiko pasabidea egitura metalikoz egingo dira. Igogailuak 24 orduko bideo-zaintza eta argiztapenerako led proiektagailuak izango ditu; pasabidean, berriz, bi zutabe jarriko dira, led argiak dituztenak.

Gainera, igogailuak berak eskatzen dituen zerbitzuen hartuneak egingo dira eta obrek ukitzen dituzten sareak ere bideratuko dira.

Urbanizazio berriko guneetan hiri-altzari berriak eta lorazaintzako elementuak jarriko dira.

Igogailu horrekin, Udalak irtenbide irisgarria proposatzen du, hortik hurbilen dauden atarietako bizilagunei mesede egiteaz gain, Matiko eta Castaños auzoetako herritar guztien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du; izan ere, abian jartzearekin, eremu osoko barne-mugikortasuna erraztuko da.

HAMALAU IGOGAILU ERAIKITZEN

Honekin, hamalau igogailu egiten ari da Udala une honetan. Horietako hiru 2. Barrutian (Uribarri). Zehatz esateko, bat Abasolo eta Lezamako Trenbide Zaharraren kalearen artean eta beste bi, Bakio, Plentzia, Gorliz, Santurtzi, Tutulu eta Lezamako Trenbide Zaharraren kaleetarako.

Beste lau garatzeko fasean daude: hiru Txotena kalean (4, 29 eta 34. zenbakien ondoan) eta laugarren bat Ángela Arregui plazan.

Altamiran ere lau ari dira egiten, auzoko Irisgarritasun Plan Integralaren barruan.

Eta azken biak oso aurreratuta daude, 7. Barrutian kokatzen dira eta irigarritasun unibertsla bermatuko dute Andres Isasi kalean, Padurako Guduaren kalearen artean.