BILBO. Estatu Batuetako Eraikuntza Ekologikoaren Kontseiluak (US Green Building Council) LEED zigiluarekin saritu berri du San Mameseko udal kiroldegia, iraunkortasunaren eta ingurumenaren errespetua aintzat hartuta.

USGBC erakundeak instalazioak ebaluatu ditu eraginkortasun energetikoaren eta uraren parametroetatik (gas kaltegarriak murriztea eta baliabideak kontrolatzea), eta kokapena eta konektibitatea ere erabili ditu irizpide gisa. Azken horri dagokionez, kontuan hartu da San Mameseko kiroldegia ondo konektatutako leku batean dagoela, eta bertara garraio publikoan edo beste bitarteko batzuk erabiliz irits daitekeela, hala nola, bizikletan.

EVE-REN ENERGIA-ZIURTAGIRIAK

Gainera, Bilbao Kirolakeko kirol-instalazioek (11 kiroldegi, futbol-zelai, frontoi, bolatoki eta arraun-pabiloi) Eusko Jaurlaritzaren Eraginkortasun eta Energia Ziurtagiria lortu dute.

Ebaluazio energetikoaren proiektuak energia kontsumitzen duten eraikin eta instalazio guztiak aztertu ditu, baita horien kontsumoari eta kirol-espazioen erabilerari buruzko historia ere. Ebaluazio horrek eraikinak urtean zehar duen portaera energetikoaren estimazioa egiten du, eta kontuan hartzen ditu eraikinaren kokapen-eremuaren berezko baldintza meteorologikoak, eraikinaren inguratzailea eta orientazioa, eta instalazio termikoen eta argiztapen-instalazioen ezaugarriak.

Bilbao Kirolak-en ziurtapen energetikoaren prozesu honek Euskadiko jasangarritasun energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen eskakizunei erantzuten die.

INGURUMENAREN ALDEKO APUSTUA

Bilbao Kirolak-ek berriki aurkeztu du Bilboko Kirolerako Plan Estrategikoa 2021-2024 aldirako. Plan horren lerro estrategikoen artean, jasangarri-lerro bat dago, kirolaren aztarna ekologikoa minimizatzeko helburuarekin.

Bilbao Kirolak-ek garatuko dituen ekintzen artean, instalazioen ingurumen-diagnostikoa, mantentze-planaren eguneratzea eta energia aurrezteko neurrien programak nabarmentzen dira.