Gaur Osasunaren Mundu Eguna denez, Bilboko osasun-arloko 140 elkartek egiten duten lana ez ezik, kolektibo horietan modu aktiboan parte hartzen duten pertsona guztiak ere publikoki ezagutzera eman, eskertu eta omendu nahi izan ditu Bilboko Udalak. Sariak banatzeko ekitaldi tradizionala Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin dute, eta ekitaldiaren buru Bilboko alkateordea eta Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko Politiken koordinatzailea den Alfonso Gil eta Osasun eta Kontsumoko zinegotzia den Yolanda Diez izan dira.

Sariek aurten XI. edizioa bete dute, eta Bilbo-Basurtu ESIri eta Bizitegi, Urrezko Gurutzea, Avifes eta Apnabi elkarteei eman zaizkie. Omenaldi honen bitartez, Udalak, beste behin, Osasun Komunitarioarekin duen konpromisoa berretsi du; arlo horrek, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, osasunaren sustapenean, prebentzioan eta gizarteratzean irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakunde horiek burutzen dituzten programa ugari babesten ditu.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saila etengabe harremanetan egoten da hiriko 140 elkarte eta erakunde soziosanitarioekin, urte osoan zehar. Lankidetza estuari esker, programa mordoa burutzen dira osasun komunitarioaren esparru ezberdinetan; hala nola, osasunerako sustapena eta hezkuntza, gaixotasun desberdinak dituzten pertsonen artean elkar laguntzeko taldea, adikzioen arloko prebentzioa eta gizarteratzea, e.a. Azken finean, ekitaldiaren asmoa da elkarte soziosanitarioek osasun komunitarioaren arloan burutzen duten lan bikaina transmititzea, ezagutzera ematea eta saritzea.

OSASUNAREN MUNDUKO EGUNA

"Mundu zuzenagoa eta osasungarriagoa eraikitzen" goiburua hautatu du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2021eko Osasunaren Mundu Egunerako, hots, gaurko, apirilaren 7rako.

"Dei berezia egiten dugu pertsona guztiok osasunerako sarbide bera izan dezagun, jatorria edo egoitza kontuan izan gabe, hori funtsezko eskubidea da-eta", nabarmendu du Osasun eta Kontsumoko zinegotzia den Yolanda Diezek sariak banatzeko ekitaldian.

"Bilboko Udalean pozik gaude osasunaren esparruan egindako lanarekin eta lortutako lorpenekin; era berean, harro gaude bilbotar guztiei bizi-kalitate hobea ematen dien elkarte-sare bikainarengatik", zehaztu du.

Bestalde, Alfonso Gil alkateordeak eta Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko Politiken koordinatzaileak osasunaren arloko desberdintasunak ere gogora ekarri ditu, eta horrela gogoratu du: "zoritxarrez, COVID pandemiak gogor jo ditu herrialde guztiak, baina inpaktu are handiagoa izan du komunitate ahulenetan eta kalitatezko mediku-arretako zerbitzuak eskuratzeko aukera gutxiago dituztenetan".

"Pertsona guztien osasuna sustatzeko neurriak hartzeko konpromisoa eskatzen digu OMEk. Eta bilbotar guztiak ziur egon daitezke Udala uneoro ahaleginduko dela kalitatezko osasun-zerbitzua ziurtatzen", gaineratu du.

Omenaldi-ekitaldian, sariak banatu dira, eta aurten honako hauek jaso dituzte:BIZITEGI ELKARTEA

Osasuna Sustatzeko esparruan lan egiten duten Elkarteen izenean, Bizitegi Elkarteari saria eman zaio Bilboko auzo ezberdinetan modu aktiboan lan egiteagatik (Errekalde, Uribarri eta Otxarkoaga), gizartetik baztertzeko egoeran aurkitzen diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzen baititu eta autonomia eta ongizate handiagoa izaten lagundu. Bizitza-estilo osasungarriak sustatzeko dituzten programak nabarmendu behar dira; esate baterako, OSASUNDAY programa komunitarioa.

Elkarteari saria eman zaio, baita ere, erabat inplikatu delako etxerik gabeko pertsonen arreta soziosanitarioan, pandemiaren konfinamendu-garai gogorrenean.

URREZKO GURUTZEA ELKARTEA

Adikzioen arloan lan egiten duten Elkarteen izenean, Urrezko Gurutzea Elkarteak jaso du saria, alkoholismoaren errehabilitazioan burutzen duen lan bikainarengatik. Aurten, 60 urtemuga betetzen du. 1961. urteaz geroztik, elkarteak laguntza eskaintzen die pertsona alkoholiko eta errehabilitatu guztiei nahiz haien senitartekoei, elkarri laguntzeko taldeen bitartez, errehabilitazioan hasitako pertsonentzat, beteranoentzat, senitartekoentzat eta mendekotasun ugariko pertsonentzat.

Pandemian zehar, Urrezko Gurutzea Elkartea, Bilboko adikzioen erakunde eta Elkarri Laguntzeko Talde guztiekin batera, gai izan da berrasmatzeko eta egoera berrietara egokitzeko, eta, horrela, hainbat bide eta kanal erabiliz, laguntza alkoholdunengana eta haien familia-ingurunera iristea ahalbidetu du.

AVIFES ETA APNABI

Pandemiaren fase ezberdinetan isolamendua, berrogeialdia, distantzia soziala eta konfinamendua bezalako neurriak hartu dira, eta birusaren transmisioa murrizteko eraginkorrak direla frogatu dute. Hala ere, egoera estresagarri horiek eta pandemiaren beraren ziurgabetasunak eta bizitako esperientzia traumatikoek eragin negatiboa izan dute biztanleria orokorraren osasun mentalean, baina, are gehiago, aurretiko patologia mentala duten pertsonengan.

Hori dela-eta, sarien edizio honetan, gorabehera horiek guztiak jasan eta gure gizarteak eta gure administrazioak beti ulertu eta behar adina babestu ez dituen pertsonak omendu nahi izan dira. Kaltetutako pertsonen ordezkari moduan, saria jaso dute Avifes Elkarteak, gaixotasun mentala duten pertsonak artatzeko elkarteak, eta Apnabi Elkarteak, Espektro Autistaren Nahasmendua duten Bizkaiko pertsonen familiak biltzen dituen elkarteak.

BILBO-BASURTU ESI-A

Azkenik, Bilboko Udalak, edizio hain berezi honetan, Bilbo-Basurtu ESIa osatzen duten langile guztiak saritu eta eskertu nahi izan ditu, COVID-19a bezalako egoera hain kritikoan egindako ahalegin eta lan izugarriarengatik.

Sariak asistentziaren kalitatea ez ezik, hori osatzen duten pertsona guztiek erakutsi duten kalitate profesionala eta giza kalitatea ere aitortzen ditu.

Bilbo-Basurtu ESIaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza eta koordinazioa oso estua izan da urteetan zehar; hain zuzen ere, 2015etik aurrera gauzatu da, Bilboko koordinazio soziosanitarioko protokoloaren bitartez. Adibidez, auzoetan hasitako parte-hartze komunitarioko prozesuetan esku hartu du, eta horietan, beste eragile batzuekin batera, osasun-zentroak funtsezkoak izan dira.

Gainera, azken urtean, pandemian zehar, ESIak arreta sanitarioa eskaini die etxerik gabeko pertsonei ostatu emateko sortutako udal-dispositiboei; halaber, migratzaileei arreta eskaini zaie Migra Covid Sarearen bitartez, eta, behin eskola-jarduera berriro abian jarrita, COVID arloko arreta eman zaie hiriko ikastetxeei.