Datozen 10 edo 15 urteetan udalerria nolakoa izan behar duen zehaztu nahi du Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta horretarako herritarren iritziaren bila dabil. Hori lortzeko, 'Ametsetatik Herrira' izeneko ekimen parte-hartzaile eta estrategikoa jarri du martxan.

Hala, udal gobernuak bultzatutako ekimen honek udalerriaren etorkizunari buruzko hausnarketa partekaturako gune bat ireki nahi du, besteak beste, ondorengo galderei erantzuteko: nola bizi nahi dugun, zer zerbitzu eta gune behar ditugun, komunitate gisa zer erronkari egin behar diogun aurre eta nola ekin diezaiokegun gaurtik aurrera etorkizunari begira.

Proiektuaren izenak — 'Ametsetik Herrira'— espiritu hori islatzen du: elkarrekin, Arkalaz, hurrengo belaunaldientzat amesten dugun Amorebieta-Etxano irudikatzea. Horretarako, prozesuak aurrez aurreko parte-hartze saioak izango ditu, baita online ekarpenak egiteko aukera ere, herritarren parte-hartze aktiboa errazteko eta ahots guztiak entzunak eta kontuak hartuak direla bermatzeko.

Partaidetzatik eraikitako etorkizuna

Udal gobernuak irmoki sinisten du herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela etorkizuneko erabaki estrategikoak hartzeko, eta horregatik abiarazten du ibilbide-orri hau ikuspegi ireki, inklusibo eta pluralarekin. “'Ametsetatik Herrira' ideia sinple baina boteretsu batetik abiatzen da: Amorebieta-Etxanon bizi garen guztiok badugu zerbait esateko hamarkada baten barruan herria nolakoa izatea nahi dugun azaltzeko”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

Prozesuak aurrez aurreko parte-hartze saioak izango ditu, udalerriaren etorkizunari buruzko ideiak partekatzeko. Gainera, online parte hartzeko aukera ere eskainiko da, interesa duen edonork ekarpenak internet bidez ere egin ahal izan ditzan.

Ilusioz betetako unea, elkarrekin eta modu kolektiboan pentsatzeko

“'Ametsetatik Herrira' aukera paregabea da Amorebieta-Etxano begirada kolektibo, errealista eta inspiratzaile batetik birpentsatzeko. Gure jendeagatik, inguruneagatik eta bizi-kalitateagatik nabarmentzen den udalerri batean bizi gara. Baina orainetik haratago begiratu nahi dugu eta guztion artean, Arkalaz, eraiki etorkizuneko Amorebieta-Etxano“, gaineratu du alkateak.