Bilboko Udalak "Kirolean arrazakeria saihestu/Kirolean inklusioa sustatu" online mintegia antolatu du, datorren apirilaren 14rako, eguaztena (12:00etan hasiko da), herritarrak ohartarazteko kirolaren arloko arrazakeriaz.

Webinarra zuzenean ikusi ahalko da www.bilbao.eus udal webgunean; aukera ezin hobea izango da pertsona ospetsu eta kirol profesionalarekin zerikusia dutenei entzuteko, zeintzuk, gainera, oharturik baitaude arrazakeriari aurre egin beharraz. Topaketa honetan, elkarrizketak eta gogoetak eragingo dira kirolaren ahal inklusiboaz eta arlo honetan arrazakeria saihesteko eta haren aurka borrokatzeko garatu beharreko estrategiez.

Parte hartuko dutela baieztatu dutenen artean dauden Lilian Thuram, futbol jokalari ohia eta bere izena daraman fundazioko kidea -Thuram Fundazioa-; Laura Sentís eta Aisha Al Said, Barça Fundaziokoak; Galder Reguera, Athletic Club Fundaziokoa; Gaspar Maza, Universita Rovira i Virgili unibertsitatekoa; Sitapha Savané, ACB ligako jokalari ohia; eta Aauri Bokesa, FC Barcelona taldeko atleta olinpiarra eta gizarte-langilea.

Webinarra solasaldi eran egingo da, eta Euskadiko Munduko Medikuak elkartea arituko da solasaldi eroale, zeinaren esku-hartze sozial kulturartekoak komunitate-ikuspegia eta osasunean eragiten duten determinanteen ikuspegia baititu oinarri. Itziar Urtasun Lankidetzako eta Bizikidetzako Saileko zinegotzia eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirola Saileko zinegotzia izango dira topaketa telematikoa inauguratzen.

Webinarra, hala, kirolaren, gizartearen eta erakundeen arloekin zerikusia duten era bateko eta besteko publikoarentzat da. Era askotakoak dira gizarte inklusioa eta kirolean izan ohi diren era askotako bortizkeriak saihesteko kirol prozesuetan parte hartzen duten eragileak; bestalde, indarkeria horiek, sarri, elkarren artekoak izaten dituzte klasea, generoa, dibertsitate funtzionala, LGTBIQen kontrako ezinikusia, arrazakeria edo xenofobia.

0 TOLERANTZIA ARRAZAKERIAREKIN

Arrazazko Diskriminazioaren kontrako Nazioarteko Egunaren kariaz, martxoaren 21ean, abian jarri zen erakunde-kanpaina hau, 0 TOLERANTZIA ARRAZAKERIAREKIN goiburuarekin.

Udal kanpainaren irudian emakume bat eta gizon bat dira sujetak, zeintzuk kirol jantziekin jantzita ateratzen baitira joko-zelaira, arrazakeriaren kontrako konpromisoa agertzeko erabaki errimearekin.

Gainera, badira haien artean pertsona batzuk, hala nola Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, edota Itziar Urtasun eta Itxaso Erroteta zinegotziak eta kirol-arlo bateko eta besteko kirolariak, kanpaina honekin elkarlanean jardun direnak solidarioki, eta atxikimendua agertu diotenak, kirolaren arloko arrazakeriaren arazoaz jabetzen direla eta konponbidean parte izan nahi dutela adieraziz parte hartzen duten bideoen bidez.

Kanpaina hau, bestalde, bat dator Udalak "Bilbao Balioen Hiria" estrategiako Balioen Agirian eta Garapen Jasangarriko Helburuetan (2020 Agendako GJHetan) hartuak dauzkan konpromisoekin.