BILBO. Aste honetan zehar, hau da, martxoaren 8tik 14ra, segurtasun uhalaren eta umeak atxikitzeko Bide Segurtasunerako Legeak aurreikusitako dispositiboen erabilera kontrolatzeko kanpaina jarriko du martxan Bilboko Udaltzaingoak.

Gainera, bai gidariek bai ibilgailuaren aurrealdeko zein atzealdeko bidaideek segurtasuneko dispositiboak behar bezala erabiltzen dituztela egiaztatuko dute; izan ere, horiek erabiltzea derrigorrezkoa da eta lege horretan beren-beregi araututa agertzen da.

Iaz, 2020ko osasun-krisiaren ondoriozko baldintzak gorabehera, Bilboko Udaltzaingoak antzeko zenbait kanpaina egin zituen Bilbon, eta 18 kontrol jartzera iritsi zen segurtasun-gailuen erabilerarekin lotuta. Kontrol horietan 2.179 ibilgailu ikuskatu zituzten eta horietako 16k baino ez zuen isuna jaso: 13k segurtasun-uhala ez erabiltzearren eta 3k umeen euste-sistemarekin lotuta. Hau da, guztirakoaren % 0,73k jaso zuen isuna.

SUHILTZAILEEN EKITALDIA

Bestalde, urten ere, Bilboko suhiltzaileek euren zaindariaren, San Joan Jainkoaren, eguna ospatuko dute. Osasun-egoerak baldintzatutako ospakizuna izango da; izan ere, Miribillako parkean ezin izango da, adibidez, herritarrei ateak zabaltzeko ohiko jardunaldia egin.

Hala ere, Bilboko profesionalek ez dute zaindariari omenaldia egiteko aukera galdu nahi izan, eta datorren astelehenerako, martxoaren 8rako, sua itzaltzeko ibilgailuen karrusela antolatu dute. Miribillatik abiatuko da 11:00etan eta Bilboko kaleak zeharkatuko ditu Udaletxera arte.

Ibilbide hau egingo dute: Juan Carlos de Gortazar, Askatasuna, Claudio Gallastegi, Erribera, Areatza, Ernesto Erkoreka plaza eta hortik, gorantz Zabalbururaino -plaza Biribiletik eta Hurtado de Amézaga kaletik pasatuz- eta handik Miribillara Juan de Garay, Askatasuna eta Gernika Lorategia kaleetan barrena.