2020-2023

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana jarri du martxan Bilbok

25.02.2021 | 11:45
Bilbok Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Udal Plana 2020-2023 aurkeztu du.

BILBO. 2020 eta 2023 bitartean garatuko den emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planaren bosgarren edizioa jarriko du martxan Bilboko Udalak. Gaur goizean, otsailak 25, plan horren aurkezpena egin da Udalbatzaren osoko bilkuran.

Hala, bada, xedea da genero-diskriminazioa eta -desberdintasunak eragiten eta berreragiten dituzten egiturak desagerraraztea, eta, hala, emakumeen kontra erabiltzen den indarkeriaren kausak eta ondorioak erauztea.

V. Udal Plan hau Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Bilboko Udalaren Ordenantzaren printzipio eta xedeen artean kokatzen da, eta baita ere Bilboko Udalaren 2019-2023 Agintaldi Planaren barruan ere, han baitaude ezarrita uriaren proiektu handiak eta lehentasunezko ekinbideak, Bilbo pertsonen, auzoen eta ekonomia-jardueraren uri gisa finkatzeko xedea dutenak.

PLANA EGITEKO PROZESUA

Agiri hau estrategikoa da, eta parte-hartze bidezko prozesu baten emaitza da, zeinean interes-talde nagusiek parte hartu baitute, kanpokoek nahiz barnekoek, eta berek aurkeztutako hobetzeko proposamenekin osatu da planaren azken edukia. Guztira, hobetzeko 143 proposamen aurkeztu dituzte, eta horien artean ia % 70 sartu dira dokumentuan.

Alde batetik, Sailarteko Batzorde batek parte hartu du, Udalaren sail eta enpresa guztiek parte hartzen zutelarik bertan, eta nork bere jardun-eremuan garatzekoak izango diren ekintzak eta proiektuak lehenetsi dituzte.

Beste alde batetik, behin Planaren lehen zirriborro bat egin ostean, berriro ere egiaztatu da Udalaren sail eta enpresekin, eta Berdintasunerako Bilboko Emakumeen Kontseiluari eta Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planen jarraipena egiteko Batzorde Misto Politikoari (Bilboko Udaleko alderdi politiko guztien ordezkariek osatzen dute) egin zaio haren gaineko kontsulta.

BERDINTASUNERAKO V. PLANAREN LEHENTASUNAK

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Udal Planak (2020-2023) 142 ekintza jasotzen ditu, Bilboko Udala osatzen duten sailek 2023ra arte garatuko dituztenak.

Ekintza horiek ezartzeko, oinarritzat hartu da, besteak beste, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Udal Plana 2014-2017 delakoaren ebaluazioa. Nabarmendu beharrekoa da plan horretako ekintzen betetze-maila % 92 izan zela, eta aurrerapen handia ekarri zuela Udalak genero-ikuspegia udalean sartzeko bidean.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Udal Planak (2020-2023) ezartzen dituen lehentasunen artean daude Bilboko emakumeen ahalduntzea, banaka, gizartean nahiz politikan; gizarteko arlo batzuetan eta besteetan emakumeei eragiten dieten diskriminazio eta desberdintasunak desagerraraztea; eta emakumeen kontrako bortizkeria matxista erauztea. Gainera, bereziki nabarmentzen da paradigma feminista eta emakume guztien arteko dibertsitatea eta diferentzia.

noticias de deia