BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak martxan jarri ditu Aste Santuko oporretan uriko umeei bideratutako aisialdi hezigarri eta osasungarriko programak. Datorren ostiralean, otsailak 26, irekiko da programa horietan izena emateko epea. Aurten 1.581 plaza eskainiko dira: 699 umeen udalekuetakoak, eta 882, "Aste Santuan primeran kirola eginez" programakoak.

Bilboko Udalaren helburua da laneko eta familiako bizimodua uztartzen laguntzea, eta, aldi berean, lekuak eta aukerak eskaintzea umeek trebetasun berriak eta jokoak ezagutzeko eta beren inguruetako adingabeekin harremanak izateko.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kultura Saileko zinegotziak nabarmendu du Udalak Bilboko familiekin daukan konpromisoa: "badakigu programa horiek funtsezko aukera bat eskaintzen dietela etxe askori, adingabeak dauzkatelako arreta eta jagotea behar dutenak, gurasoak edo tutoreak lanean dauden bitartean; hori dela eta, gure apustu irmo eta deliberatua da haien eguneroko bizimodua errazten jarraitzea", "lanean ari gara lekuak eskaintzeko umeak ikasiz eta segurtasunean dibertitu daitezen, betiere beharrezkoak diren segurtasun sanitarioko neurri guztiak hartuz", adierazi du amaitzeko.

UDALAREN UDALEKUAK UMEENTZAKO

Udalaren umeentzako udalekuak 3 eta 11 urte bitarteko adingabeentzat dira (2009tik 2017ra bitartean jaiotakoentzat). Orain arte, ohikoena izaten zen programa 6 urtetik aurrerakoentzat izatea, baina, ikusita 3 eta 5 urte arteko umeentzako eskaintzak zer arrakasta izan zuen Abandoko Haurgunen, esperientzia pilotu moduan abiarazi zelarik joan den irailean, Udalak erabaki du txikienentzako eskaintzari eustea Astea Santuan ere.

Jardueren gaiek Uria izango dute ardatz, eta kaleen plakekin, Bilboko zubiekin edo Bilboko Guggenheim Museoko hamarratzarekin edo Puppyrekin zerikusia duten jarduerak izango dira. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.

Jarduerak, beraz, Deustu, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Zazpi Kaleak, Abando, Irala, Basurtu, Zorrotza eta Abusu-La Peñako udaltegietan gauzatuko dira; Abusu-La Peñakoan, gainera, lehenengo bider izango da programa horretarako lekuak eskainiko dituena. Jarduera gehienak dena delako Udaltegiaren inguruetako gune zabaletan izango dira, hala nola Europa edo Etxebarria parkeak, Areatza edo Olabeaga pasealekua.

"ASTE SANTUAN PRIMERAN KIROLA EGINEZ"

Bilboko Udalak abian jarri du "Aste Santuan primeran kirola eginez" izeneko aisialdiko programa osasungarria ere, 882 plazarekin, 6 eta 13 urte bitarteko umeentzat; aukera izango dute kirol batean eta bestean aritzeko, hala nola badmintona, saskibaloia, areto-futbola, areto jockeya, uretako jokoak edo aretoko beste joko batzuk. 42 plaza, bestalde, dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat dira.

"Aste Santuan primeran kirola eginez" programa, beraz, martxoaren 29an, 30ean eta 31n gauzatuko da, eta bai ere apirilaren 6an, 7an, 8an eta 9an, Deustuko, San Inazioko eta Txurdinagako kiroldegietan, 9:00etatik 14:00etara, sartzeko ordutegi malguarekin, 8:30etik hasita.

Izena ematea Bilbao Kirolak-en web orrian egin behar da, egun bakoitzerako, eta baita ere kiroldegietako salmenta makinetan, otsailaren 26tik aurrera, Bilbao Kirolak-en abonatuak diren pertsonentzat, 10,40 euroko prezioan, eta martxoaren 1ean, eguenarekin, Bilbao Kirolak-en abonatuak ez diren pertsonentzat, 12,50 euro eguneko.

Behin izena emandakoan, inprimaki bat eta adingabeen covid-19aren inguruko erantzukizunezko adierazpen bat bete beharko dira eta dagokion kiroldegian entregatu, edo helbide honetara igorri: bk@kirolak.bilbao.eus.

42 plaza dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat izango dira, San Inazioko kiroldegian. Kasu horretan, izen-ematea Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren bitartez egingo da, 622 022 063 telefonora deituz.

Hala Umeentzako Udalaren Udalekuak nola "Aste Santuan primeran kirola eginez" programa unea-unean indarrean diren segurtasun sanitarioko neurriei jarraituz gauzatuko dira; hala, egoerak eskatuz gero, gertatu liteke programak aldatzea eta/edo bertan behera uztea.