BILBO. Bilboko Udalak banaketan diharduten lau enpresentzako hamar furgoneta elektriko finantzatu ditu, uriko airearen kalitatea hobetzeko helburuarekin. Ibilgailuen aurkezpena gaur goizean, otsailak 17, egin da.

Ekitaldian, Bilboko Udaleko Alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun Saileko zinegotzi Alfonso Gilek zera adierazi du: "Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planari jarraikiz, % 100 ibilgailu elektriko hauen bidez mugikortasun iraunkorra eta osasungarria bultzatu nahi dugu, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko".

Ildo horretatik, Alfonso Gilek jakinarazi du 100.000 euroko dirulaguntzak emango direla hiri-banaketako enpresa gehiagok flota berritu eta errekuntzako motorrak dituzten auto tradizionalen ordez ibilgailu elektrikoak erabiltzen hasteko.

Mugikortasun iraunkorra bultzatzeko azken urteotako konpromisoa betez, enpresek furgoneta elektrikoak erosi dituzte, eta haien ordezkarien bitartez banaketako flotak elektriko bihurtzeko neurria babestu nahi izan dute.

FURGONETA ELEKTRIKO MONITORIZATUAK

Bilboko Udalak ibilgailu bakoitza erosten laguntzeko 7.000€-ko dirulaguntza eman du, eta bi astetan jada amaitu da xede horretarako aurreikusitako 70.000 €-ko gehieneko dirulaguntza.

Furgoneta elektrikoko gidariek Bilboko Udalak emandako aplikazio bat dute eskura, furgonetaren unean-uneko kokapena ezagutzeko. Gainera, monitore bidez hilero egindako kilometroak kontrola ditzakete eta enpresa bakoitzak hilero behintzat 1.000 eta 1.300 kilometro artean egiteko konpromisoa betetzen duela egiaztatu.

Horrela, hirian dabiltzan 10 ibilgailu horiek urtero 15 tona CO2 gutxiago isuriko dituzte atmosferara.

MUGIKORTASUN ELEKTRIKOAREN ABANTAILAK

Ibilgailu elektrikoek jasangarritasuna bultzatzen dute eta negutegi efektuko igorpenak murrizten dituzte; izan ere, ez dituzte karbono dioxidoa, karbono monoxidoa eta nitrogeno oxidoa igortzen, ezta beste gas kutsatzaileak sortzen ere.

Horrez gain, energia-eraginkortasun handia dute. Motor elektrikoek energia-kontsumoaren hiru laurdena aprobetxatzen dute; aldiz, errekuntzako motorrek bostena baino ez dute aprobetxatzen.

Ibilgailu elektrikoek badituzte beste abantaila batzuk ere: errekarga elektrikoa erregaia baino merkeagoa da eta konponketa eta mantentze-lan gutxiago behar dituzte. Beraz, epe ertain-luzera errentagarriagoak dira. Bestalde, ibilgailu elektrikoak gero eta autonomoagoak dira eta bide horretatik jarraitzea espero da. Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen lehenengo Galdetegi Nazionalaren arabera, ibilgailu elektrikoen gidarien % 99ak dio ez duela berriro errekuntzako motordun autorik erosiko.

Ekitaldian, ibilgailuek eramango dituzten eranskailuak aurkeztu dira, hirian mugikortasun elektrikoa bultzatzeko apustuari ikusgaitasun handiagoa emateko. Bilboko Udalak garatutako webgune honetan dago hiriburuan mugikortasun elektrikoa sustatzeko neurriei buruzko informazio osoa.