BILBO. Koronabirusaren pandemiak urian eragindako kalteak konpontzeko neurriak indarrean jartzen darrai Bilboko Udalak. Oraingo honetan, bi milioi euroko partida bideratuko du #BilbaoAurrera2021 Planaren barruan kokatutako bi neurri martxan jartzeko: tasen murrizketa eta ezohiko hobariak abian jartzea.

Garrantzitsuena, enpresetan izango duen eraginagatik, hauxe da: 2021eko ekitaldian terrazen tasa deitu ohi zaiona ordaindu beharretik guztiz salbuestea, hau da, Mahaiak, Mahaitxoak, Jarlekuak, Karpak, Loreontziak, Itzalkinak eta Antzekoak Ipintzean Udalaren Jabetza Publikoan Egiten den Erabilera Pribatiboari eta Aprobetxamendu Bereziari dagokion Tasa ordaindu beharretik salbuestea erabat. Era berean, ez dira ordaindu beharko ekitaldi honetan okupazio horietarako ematen diren lizentzien eta baimenen tasak. Salbuespen horrekin, 950.000 euro gutxiago batuko ditu Udalak.

Halaber, ez da ordaindu beharko urteko kuota beste hauetan ere:

  • Udalaren Jabari Publikoaren Erabilera Pribatiboa edo Aprobetxamendu Bereziaren Tasa Erakusleihoak, Bitrinak, Dekorazio Portadak, Olanak, Markesinak eta Errotuluak Jartzeagatik; horien zenbatekoa, guztira, Udalak batu gabe utziko duena: 213.000 euro.
  • Taxi-lizentziaren tasa, 21.000 euroko aurrekontua egiten duena.
  • Eta zaborrak biltzeko zerbitzuaren tasa. Kasu horretan, murriztapen bat da, ia-ia erabatekoa, % 95ekoa izango baita guztira 2021 honetan, eta 270 eguneko epe bati aplikatuko zaio, ostalaritza-jatetxe eta ostatatze jarduerengatik ordaintzeko betebeharra dutenen kasuan.

Azkenik, Lokalak Zabaltzeagatik eta Jartzeagatik eta Jarduerengatik eta Instalazioengatik ematen diren Zerbitzuen Tasan ere % 30eko murriztapen bat aplikatu ahalko da, betiere tasa hori ordaintzeko betebeharra 2021eko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean sortua bada.