BILBO. Denbora pasa ahala, teknologia digitalak gero eta garrantzitsuagoak dira jendearen eguneroko bizitzan. Hori dela eta, Bilboko Udalak horren gaineko formakuntza eskainiko die 10 gazteri, '#GazteShare-Ikus-entzunezkoen tekniken egonaldia' izeneko programaren bidez.

Parte-hartzaileek, besteak beste, ikus-entzunezkoen piezei, grabatzeko metodoei, tresnei, formatuei eta narratibei buruzko prestakuntza jasoko dute. Helburua da gazteek sare sozialetan modu eraginkorrean komunikatzeko gaitasuna izatea. "#GazteShare-Ikus-entzunezkoen tekniken egonaldia" Bilbon bizi edo ikasten duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Izena emateko epea astelehenean, urtarrilak 18, hasi eta otsailaren 12ra arte egongo da zabalik. 10 plaza dira eta izena emateko nahikoa da sarean formularioa betetzea.

Ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek eta Bilboko Udaleko teknikariek osatuko dute epaimahaia, eta, hautaketa egiteko, kontuan hartuko dira ikus-entzunezko tresnen erabilerari buruzko oinarrizko ezagutzak, euskara-maila eta parte hartzeko motibazioa.

Hautatutako 10 gazteek 50na euroko saria jasoko dute joan-etorrietarako.

Aurrez aurreko prestakuntza izango da, 5eko bi taldetan. Bilborock-en emango zaie prestakuntza, otsailaren hirugarren astean hasi eta bost astez, guztira 15 ordu egin arte.

BILBOROCK TV

"#GazteShare-Ikus-entzunezkoen tekniken egonaldia" programaren barruan, gainera, beste ekimen bat dago: 10 parte-hartzaileetako 2k Bilborock TV magazina prestatuko dute 2021eko apiriletik abendura.

Bi pertsona horiek aukeratzeko, martxoaren 30ean (asteartea) ekitaldi publiko bat egingo da Bilborock-en, eta, bertan, programan parte hartzen duten guztiek prestakuntzan sortutako piezak proiektatuko dituzte. Epaimahaiak eta ikus-entzuleek bi onenen aldeko botoa emango dute. Horiek, komunikazio profesionaleko enpresa baten laguntzaz, Bilborock TV magazina garatuko dute, 2021eko apiriletik abendura, BilbaoGazte-ren sare sozialetan Bilborock-eko hileko programazioaren berri emateko. Gazte horietako bakoitzak 175 euro jasoko ditu magazine bakoitzeko.