BILBO. Koronabirusaren pandemia dela eta Errege Magoen kabalgatarik ezin izan denez egin, aurten 'Gau magikoa' izeneko musika-ikuskizuna eskaini egin dute Bilbao Arenan. Guztira bost emanaldi egingo dira egunean zehar. Lehenengoa goizeko 11:00etan izan da, eta harrera bikaina izan du ikusleen partetik.

Kabalgata bezalako ekitaldi jendetsuak Bizkaiko hiriburuko kaleetan eskaintzeko ezintasunak bultzatu du Bilboko Udala, 40 minutu inguruko iraupena duen musika-ikuskizun hau programatzera, ahalik eta neska-mutil gehienek goza dezaten. Horretarako, bost emanalditan aurkeztuko da, bi goizean izan dira eta hiru arratsaldean bertan izango dira. Kontuan hartu behar da Bilbao Arenak 400 pertsona har ditzakeela emanaldi bakoitzeko, segurtasun araudia betetzearren, eta ordubete behar dela emanaldien artean garbiketa lanak egiteko.

EKITALDIA, SARE SOZIALETAN ETA TELEBISTETAN IKUSGAI

Bilboko Udalak alternatiba bat antolatu du familiek egun magiko honetaz gozatzeko aukera izan dezaten. Horrela, emanaldi bakoitzean kiroldegian bertan ikuskizuna jarraitu dezaketen pertsonez gain, ehunka haurrek ikusteko aukera dute udaleko sare sozialen bidez eta komunikabideetako saio berezietan, Telebilbao kasu.

ABURTO, CARITASEN OPIL SOLIDARIOAN

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Udal Gobernuko zenbait kiderekin eta hainbat ordezkari instituzionalekin batera, Bizkaiko Caritasen ohiko Opil Solidarioaren banaketan parte hartu du, baina aurtengoan, betiko kokapena eta formatua aldatuta, koronabirusaren pandemiak eraginda.

Horrela, lehenengo aldiz, Opil Solidarioa Euskal Museoan banatu da, aldez aurreko hitzorduarekin eta Covid-19ak eragindako pobrezia zein bazterketa sozialeko egoera larriei erreparatuta.

Urtero bezalaxe, Bizkaiko Okinen Elkarteak 2.000 pertsona ingururentzako opila prestatu du, eta txokolatearekin batera banatuko da eramateko moduko banakako packetan. Euro bateko prezio sinbolikoan eros daitezkeen pack solidario horiek lortzeko, aurrez aurreko salmenta-puntua jarri da Bizkaiko Caritasen egoitzan (Erribera, 8), baita online salmentarako gunea ere Euskal Museoaren webgunean. Bizkaiko Caritasen Opil Solidarioa banatzeko, 10:00etatik 14:00etara bitartean, Museorako sarrera Gurutze kaletik egingo da, eta irteera Unamuno plazatik.