BILBO. Bilboko Udalak 586.000 euroko aurrekontua bideratuko du Ibarrekolanda auzoko Erdikoetxe kalea berrurbanizatzeko obrak egiteko. Lanak egingo diren guneak kota ezberdineko bi zati ditu, eskailera batzuen bidez lotutakoak.

Lanak hasi berri dira eta bidea eta kaleko espaloiak hobetzeko izango dira. Gainera, irtenguneak egingo dira oinezkoentzako pasabideetan, oinezkoei segurtasun handiagoa emateko.

Era berean, inguruneko bide-zirkulazioa birdefinituko da. Beheragoko kotan dagoen Erdikoetxe kaleko zatian, Larrakotorretik bakarrik sartuko dira ibilgailuak, eta irteera Luis Braille kalera izango da. Bestalde, goiko kotan dagoen Erdikoetxeko zatian, ibilgailuen sarbidea Benidorm kaletik egingo da, eta irteera Larrakotorrera.

Bide-aldaketa horren ondorioz, Etxenagusia margolaria eta Larrakotorre kaleen arteko lotura ere aldatu da, eta lehenengotik bigarrenera doan erreia kendu da. Espazio hori aparkaleku gehiago egiteko aprobetxatuko da.

Era berean, kale osoko ur eta saneamendu sareak berrituko dira.

AUZOKIDE PLANA

Erdikoetxeko jarduketa auzoak hobetzea xede duen Auzokide Planaren barruan egin dira. Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako dauzkan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko. Eta, plan horri esker, Bilboko herritarrek eta eragile politiko eta sozialek Hiriko Barrutien Kontseiluen bidez lehenetsitako kale eta auzoetan hobekuntza-lanak eta -jarduketak egitea egituratzen da.