BILBO. Datorren asteartean, abenduak 1, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Arriaga Antzokiak Bilboko udal musika bandaren kontzertu berri bat jasoko du. Oraingo honetan bandaren zuzendariordea den Iñaki Urkizu, Hilario Extremiana eta Iker Sánchezek eramango dute bandaren batuta.

Horien zuzendaritzapean honakoak entzungo dira: Barnesen "Symphonic Overture", Horowitzen "Dance Suite", Kayren "Western Symphony-Saturday Night", Tichelliren "Postcard", Persichettiren "Divertimento for Band" eta Ruper Lekuek idatzitako "Zaraitzu" obraren erabateko estreinaldia.

Kontzertua Iñaki Urkizu Kerejeta zuzendariordearen gidaritzapean hasiko da, James Barnes maisu estatubatuarraren musikarekin. Barnes musika bandistiko garaikidearen figura garrantzitsuenetako bat da. Bere "Symphonic Overture" obra entzungo da, U.S. Air Force Band taldearen enkarguz idatzitakoa.

Jarraitzeko, urte askoan Gasteizko Udal bandaren Zuzendari titularra izan zen Hilario Extremiana maisua igoko da oholtzara. Bere interpretazioa XX. mendeko bandarako errepertorio ingeleseko obra mitiko batekin hasiko da: Joseph Horovitzen "Dance Suite". Ondoren, ikus entzuleek balleterako idatzitako musikaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute. Izan ere, Hershy Kay estatubatuarraren "Western Symphony" partitura eskainiko du bandak, zuzendari gonbidatuak berak, Extremiana maisuak, bandarako prestatutakoa.

Ondoren, Iker Sánchez irundar Zuzendariaren txanda izango da, hainbat alditan bandako zuzendari gonbidatua izan dena. Iparramerikako errepertorio garaikidearekin jarraituz, "Postcard" entzungo da, Frank Tichellik idatzitako partitura. Maisua nazioarteko egungo bandistikako autore garrantzitsuenetako bat da. Segituan, New Yorkeko Juilliard School ospetsuko pedagogo garrantzitsuenetako bat izan zenaren Vincent Persichettiren "Divertimento for Band" obra entzungo da.

Azkenik, kontzertua amaitzeko, zuzendariordeak gidatuko du Bilboko udal musika Banda estreinaldi absolutu batean: "Zaraitzu", Ruper Leuke Bernaola maisu bilbotarrak konposatutako partitura. Obra hau COVID-19 delakoaren ondoriozko konfinamenduan sortu zen, eta Darius Milhaud maisu frantses bikainaren Le Boeuf sur le Toit lanaren duela ehun urteko estreinaldiaren omenaldi bat izan nahi du.

Sarrerek 5 euroko prezio herrikoia izango dute (salgai Arriaga Antzokiko txarteldegietan eta webgunean edota Kutxabankeko zerbitzu anitzeko kutxazainetan). 65 urte baino gehiagoko pertsona, erretiratu, pentsiodunek eta Gazte-txartelaren jabeek (14 eta 29 urte artekoak) deskontuak izango dituzte sarrerak erosterakoan. Kolektibo hauetako pertsona bakoitzak 2 sarrera erosi ahal izango ditu, 4 eurotan bakoitza. Hauek zenbakidunak izango dira, ikusleek gustuko eserlekuak hautatzeko aukera izan dezaten.

Kontzertu honen ondoren, Banda abenduaren 20an itzuliko da Arriaga Antzokiko eszenatokira eta urteari amaiera borobila emateko, kontzerturik berezienetakoa ospatuko da. "Arimaren oroitzapena" lelopean ikus-entzuleek Asier Polo (biolontzeloa) eta Goizargi Gospel Choirekin (Ramon Escalé zuzendaritzapean) gozatzeko aukera izango dute.