Azaroaren 2an

Udal Musika Banda Arriaga Antzokira itzuliko da astelehenean

30.10.2020 | 11:52
Azaroaren 2an Bilboko Udal Musika Bandak Arriaga Antzokian eskainiko duen kontzertuaren kartela.

BILBO. Datorren astelehenean, azaroak 2, Arriaga Antzokiak Pascual-Vilaplanak zuzendutako Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertu berri bat jasoko du. Oraingo honetan zinemaren munduan murgildutako ikuskizuna eskainiko dute.

Kontzertua "Silverado" filmaren soinu-bandarekin hasiko da, Amerikako mendebaldeko mugako herri zahar batera eramaten gaituenak. Obra hau, hain zuzen ere, bederatzi Emmy irabazi zituen eta Hollywoodeko Oscar sarietarako izendatua izan zen Bruce Broughtonek idatzi zuen.

Jarraian, "Ennio Morriconeri Omaggio" entzungo da. Uztailean hil zen konpositore italiar mitiko honen filmetako musikak, beste konpositore italiar batek, Claudio Mandonico maisuak, sortutako lan bandistiko hau egiteko oinarri gisa balio izan du.

Kontzertua Charles Chaplinek 1916an idatzi, zuzendu eta ekoitzitako film labur baten irudiekin batera amaituko da: "The Pawnshop", egoera komikoz beterikoa. Kasu honetan, ohiko pianoaren ordez Bilboko Udal bandak zuzenean joko du soinu-banda, konkretuki, Anton Alcalde musikagile galiziar gazte eta ospetsuak filmaren ekintzari laguntzeko musika entzungo da.

Sarrerek 5 euroko prezio herrikoia izango dute (salgai Arriaga Antzokiko txarteldegietan eta webgunean edota Kutxabankeko zerbitzu anitzeko kutxazainetan). 65 urte baino gehiagoko pertsona, erretiratu, pentsiodunek eta Gazte-txartelaren jabeek (14 eta 29 urte artekoak) deskontuak izango dituzte sarrerak erosterakoan. Kolektibo hauetako pertsona bakoitzak 2 sarrera erosi ahal izango ditu, 4 eurotan bakoitza. Hauek zenbakidunak izango dira, ikusleek gustuko eserlekuak hautatzeko aukera izan dezaten.

Covid-19 prebenitzeko gomendio eta osasun-araudi guztiak errespetatu eta mantenduko dira.

Kontzertu honen ondoren, azaroaren 22an, batuta bikoitzaz osaturiko ikuskizuna ospatuko da. Alberto García Espina eta J. Vicent Egea zuzendari gonbidatuek 12:00etatik aurrera "Euskal Herriko batutak I" izeneko kontzertua eskainiko dute, zeinetan Hazoren "Arabesque", Brotonsen "Passacaglia i Finale Frontal de Sinfonia Concisa", Bernsteinen "Candide Overture" eta Egearen "Suite Céltica" entzungo diren.