BILBO. Datorren asteazkenean, urriak 14, Gabriel Aresti idazlearen jaiotzaren 87. urteurrena ospatuko da. Zendu zenetik urtero egin ohi den bezala, omenaldia egingo zaio Bilboko Pio Baroja plazan. Bertan Bilboko alkate Juan Mari Aburtok lore-eskaintza egingo du Bilboko Udala ordezkatzen.

Gainera, arratsaldean, Bidebarrieta Kulturgunean literatura topaketa egingo da Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, 19:30ean. Bertan izango dira Miren Agur Meabe, Amorante, Aitor Gametxo eta Eneritz Artetxe, Miren Agur Meaberen 'Nola errautsetan koleztulik egin gabe' poema liburu berriaren ikus-entzunezko emanaldia bertaratutako guztiekin partekatzeko. Lekeitioko idazleak Amorante eta Aitor Gametxo gonbidatu ditu, batak soinu-banda jar dezan eta bestea ikus-entzunezko begiradaz ardura dadin; eta Eneritz Artexe, antzerkiaren mundutik heldutakoa, topaketa berezi hau idazle handi baten begirada poetikoarekin josteaz arduratuko da.

Topaketa horretaz gozatu ahal izateko, doako sarrera bat eskuratu beharko da aurretik.

Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, ekitaldi aretoko ateak 18:30etan irekiko dira, antolatzaileek aurrez esleitutako besaulkietan egokitu ahal izateko parte-hartzaileak. Ezin bada parte hartu, ekitaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira esteka honetan.

#BILBAOUDAZKENA2020

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du kultura-sektoreari laguntzeko apustuan, covid-19 delakoaren pandemiak gehien eragin dien sektore profesionaletako bat baita.

#BilbaoUdazkena2020 osasun-agintariek unean-unean ezarritako segurtasun-protokolo guztiei jarraiki garatuko da, eta zorrotz jarraituko die kultura- eta jai-ekitaldiei buruzko gomendioak, osasun publikoa bermatzeko beharrezko mugak eta eremu publikoan aire zabaleko jarduerak zein jende askorentzako ekitaldiak egiteko edukierak.

LORALDIA

Loraldia Festibala XXI. mendean euskararen kultura zabaldu eta sustatzeko beharrari erantzuten dion jaialdia da, eta aurten ere, Bidebarrieta Kulturguneak programako hainbat ikuskizun bilduko ditu.