BILBO. Hemen da Bilboko Udalak abiarazi eta sustatutako 'Ibiltarien sarea' ekimenaren edizio berri bat, herritarren artean euren eguneroko bizimoduan oinez ibiltzeko ohitura bultzatu nahi duen, harreman sozialak sustatzen dituen aldi berean.

Aurtengoan, covid-19a dela eta, parte-hartzaileei oinarrizko zenbait arau betetzeko eskatuko zaie, hala nola maskara erabiltzea eta pertsonen arteko segurtasun-tartea uztea, denon osasuna eta segurtasuna zaintzeko.

Urritik aurrera, eta ekainaren amaierara arte, egunero (astelehenetik ostiralera) egingo dira "Ibiltarien sarea"-ren barruko jarduerak, 11:00etatik 13:00etara bitarteko ordutegian.

Yolanda Díez Osasun eta Kontsumo Saileko Zinegotziak azaldu duen bezala, "programa honek parte-hartze handia du, aurreko edizioan 3.250 bilbotar aritu ziren bertan, eta ondorioz, herritarren artean arrakasta gehien duten osasun-ekimenetako bat da". Gogoratu behar da programa hau iazko martxoan gelditu behar izan zela pandemiaren ondorioz.

Aurreko edizioetan legez, interesa duen edonork har dezake parte programan. Horretarako, nahikoa da udal-webgunean (www.bilbao.eus) ikus daitekeen hileroko egutegian adierazitako lekura joatea, adierazitako orduan. Aurten, koronabirusa dela eta, kutsatzea eragozteko eta parte-hartzaile guztien osasun-segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dira. Hortaz, hitzorduetara joango diren denei eskatzen zaie maskara eta gel hidroalkoholikoa eramateko eta elkarren artean 1,5 metroko segurtasun-tartea uzteko, begiraleen gomendioei jaramon egiteaz gain.

Edizio honetarako 12 ibilbide diseinatu dira guztira, gutxi gorabehera 6 kilometrokoak, eta den-denetan egingo dira hasi aurreko beroketa eta amaitu osteko luzaketak. Modu horretan, parte-hartzaileek aukera izango dute intentsitate ertaineko ariketa egiteko, lagunarte atseginean hiriko txokoez gozatzen duten bitartean, eta azpiegiturak dituzten inguruak erabiliz: bankuak, iturriak, komun publikoak, gimnasia-zirkuitu txikiak€

Une oro eskarmentua eta prestakuntza duten begiraleek gidatuko dituzte taldeak, eta haiek arduratuko dira, era berean, jarduera dinamizatzeaz eta girotzeaz, ibilbide bakoitzeko interesguneei buruzko informazioa emanez. Horrez gain, laguntza eskainiko dute, oinetako, ibilbide, luzaketa, hidratazio eta abarren gainean aholkuak emanez. Helburua da pertsona-talde horiek, denboraz, euren dinamika sortzea, eta euren burua autonomiaz antolatzea gure hiriko barruti guztietan barna.

HERRITARREN OSASUNA SUSTATZEAGATIK AITORTZA

"Ibiltarien sarea" programak Bihotzaren Espainiako Fundazioaren sari bat jaso zuen iaz, Sanitasek babestutako "Healthy Cities" programaren barruan. Ekimen horren bitartez, aitortza ematen zaie hiriak herritarrentzako inguru osasungarriagoak bihurtu nahi dituzten egitasmoei.