BILBO. Bilboko Udalak 18 eta 25 urte bitarteko gazte bi bilatzen ditu, mutil bat eta neska bat, Bilbao Gazteren Instagrameko kanalean hilean behin bina bideo sortzeko, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Lehiaketa honetan parte hartzeko epea urrian hasiko da, eta 2021eko apirilera arte iraungo du zabalik.

Gazteek gehien erabiltzen duten sare sozialetako bat da Instagram. Horregatik, Udalak uste du ekimen honek komunikazio arin, hurbil eta zuzena indartzen duela, uriko gazteekin konektatzeko.

Iban Garcia eta Zuriñe Hidalgo, bi gazte euskaldun eta instagramer ezagunak, Udalarekin lankidetzan arituko dira lehiaketa honen zabalkundea egiteko, Instagrameko beren kontuetan hainbat storie argitaratuz, gazteak parte hartzera animatuz.

18-25 urte bitarteko gazte elebidunek har dezakete parte. Baldintzak beteta parte hartu nahi dutenek bideo bat bidali behar dute, gehienez bost minutuko iraupenekoa. Bideo horretan euren izen-abizenak, jarduna (ikasleak, langileak€), zaletasunak eta aisialdiko jarduerak adieraziko dituzte. Horrez gain, Bilbon hurrengo asteburuan euren plana zein izango den azaldu beharko dute, euskaraz eta gaztelaniaz.

Bideo hori eta izena emateko fitxa (bilbaogazte.bilbao.eus) wetransfer aplikazioaren bidez bidaliko dira gazteria@bilbao.eus helbide elektronikora, atzo, irailak 24, hasi eta urriaren 14ra bitartean (23:59era arte).

AUKERATZEKO IRIZPIDEAK

Lanak jasotzeko epea amaitu ondoren, epaimahaiak 10 parte-hartzaile aukeratuko ditu eta, ondoren, elkarrizketa egingo die Instagramer ofizialak izendatzeko.

Lehenengo aukeraketan informazioa helarazteko gaitasuna, komunikatzeko estiloa, irudiaren kalitatea eta bideoaren edizioa baloratuko dira.

Aukeratutako 10 pertsonei egingo zaien elkarrizketan, beste alderdi batzuk baloratuko dira, besteak beste, gazteen ikuskeraren barruan hautagaiek proposamenak luzatzeko gaitasuna eta komunikazio arloko ekintzetan duten eskarmentua (formala izan ez arren).

Bilboko Udalak urriaren 21ean iragarriko ditu aukeratutako pertsonen izen-abizenak.

BILBAO GAZTE

Bilbao Gazte Bilboko Udalak gazteekin batera lan egiteko duen konpromisoaren erakusgarri da. Horretarako, Bilboko Udalak komunikaziorako tresna hauek ditu: profilak sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram, Youtube) eta webgune bat, gazteei eragiten dieten politika espezifikoei buruzko informazio baliagarria emateko.