BILBO. Aste honetan zehar ospatzen ari den Bilboko Kalealdia-Kaleko Antzerkiaren eta Arteen Jaialdiak etxeko txikientzako bereziki prestatutako egitaraua dakar astebururako. Hala, ostiraletik igandera, irailaren 25etik 27ra, familia guztiarentzeko ekintzak egingo dira.

Bilboko Kalealdiak nazioarteko 26 konpainiaren 73 emanaldi eta 27 ikuskizun eskainiko ditu, eta gehienak adin guztietako jendearentzat badira ere, hiru dira bereziki haurrentzat. Deabru Beltzak taldearen 'Diberti-Dantza'; Erre Produkzioak taldearen 'Piraten istorio bat'; eta Xampatito Pato konpainiaren 'Só' lanak dira aukera emango dietenak txikiei antzerkira hurbiltzeko eta punta-puntako ikuskizunez aire zabalean gozatzeko.

'SÓ' - XAMPATITO PATO

  • Ostirala, irailaren 25a. Arriaga Antzokiko alboa, 18:30ean eta 20:30ean.

Xampatito Pato galiziar konpainiaren 'Só' 50 minutuko ikuskizuna da. Ikuskizun honetan 3 urtetik aurrerako umeek Jesus Velasco malabarista galiziarra ezagutuko dute. Teknika ez oso hedatu baten, are gutxiago ikuskizun baten abiapuntu gisa, ikerketaren emaitza den pieza bat aurkeztuko du: "cigar boxes" edo kaxadun malabareak. Hala, lanak malabareak eta beste elementu batzuen -pilotak eta erreboteko pilotak- manipulazioa egiten duen arren, kutxa horiek dira ekarriko dutenak estetika, hari eroalea eta giroa ikuskizunean. Pertsonaia dibertigarri eta maitagarria mundu koadrikulatu honetan bizi da, eta jolasaren bidez monotoniatik irten eta txikiei eta helduei gozarazi nahi die.

'DIBERTIDANTZA' - DEABRU BELTZAK

  • Larunbata, irailaren 26a. Areatza, 12:30ean.
  • Igandea, irailaren 27a.Arriaga Antzokiko alboa, 12:30ean.

Deabru Beltzak konpainia duela 25 urte sortu zen, Euskadiko hainbat talde profesionaletako aktoreen eskutik. Honako honetan 'Diberti-dantza' dakarte Bilboko Kalealdira, musikaz, jolasez eta dantzaz osatutako formula berezia, Areatza eta Arriaga Antzokiaren alboa hankaz gora jarriko dituena. Ikuskizunaren iraupena 60 minutukoa da.

'PIRATEN ISTORIO BAT' - ERRE PRODUKZIOAK

  • Larunbata, irailaren 26a. Arriaga Antzokiko alboa, 12:30ean.
  • Igandea, irailaren 27a.Areatza, 11:30ean.

Portugaletetik dator Erre Produkzioak taldea Bilboko Kalealdira, 'Piraten istorio bat' lanarekin. 3 eta 9 urte bitarteko haurrentzat pentsatuta, 50 minutuz, Jeffen eta Charlieren istorioa ezagutuko dute txikienek. Jeffek Charlie bere laguna hondartzara eraman du arrantza egitera. Jeffek oso ondo egiten du arrantzan, eta kanabera botatzen duen bakoitzean, zerbait harrapatzen du.

Charliek, aldiz, orduak pasatzen ditu bere saskira ezer eraman gabe. Marea jaitsi eta Charlie konturatu da hondarrean kutxa bat dagoela erdi lurperatuta. Ireki egiten dute eta mapa bat eta bidaia-egunkari bat aurkitzen dituzte. Horrela, egunkaria irakurtzen hasten dira eta piraten benetako istorio baten abenturak bizi dituzte. Bidaia honetan, ikusle txikienek itsaso zakarraren, gaueko magiaren eta adiskidetasunaren boterearen indarra ezagutuko dituzte.

Bilboko Kalealdiari buruzko informazio guztia esteka honetan kontsulta daiteke.

OSASUN-SEGURTASUNA

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Halaber, maskara derrigorrezkoa izango da Bilboko 2020ko Kalealdiko ekitaldi guztietan.