BILBO. Deustuko Udaltegiak 2020ko Ikertzaileen Europako Gaua jasoko du aste honetan. Datorren ostegunetik, hilak 24, larunbatera, hilak 26, dibulgazio zientifikoan oinarritutako egitasmo honek tailerrak, bideokonferentziak eta mahai-inguruak antolatuko ditu. Bilboko Udalak bat egingo du ekimen honekin.

Ikertzaileen Europako Gaua aldi berean ospatzen da Europako 350 hiritan baino gehiagotan, ikerketa eta bere protagonistak herritarrei hurbiltzeko, haien lana, gizarteari ekartzen dizkioten onurak eta eguneroko bizitzan duten eragina ezagut ditzaten.

OSTEGUNA, IRAILAK 24

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunea espazioak datorren ostegunean, irailaren 24an, parte hartuko du Ikertzaileen Europako Gauean. Jardunaldi horretan, bideokonferentzia eta mahai-ingurua ospatuko dira, ‘Frantzia eta Espainia covid-19ren aurrean: ikerketaren eta osasun-laguntzaren erronka bikoitza’ izenburupean.

Bidebarrieta Zientifikoa programaren parte da jardunaldi hau. Bidebarrieta Zientifikoa Bidebarrieta Kulturguneak eta EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak bultzatutako ekimena da, eta publiko zabalari zientzia- edo teknologia-gaiak hurbiltzea du helburu, zorroztasuna galdu gabe.

Jardunaldia Bidebarrietako Liburutegiko areto nagusian ospatuko da, 19:15etan, edukiera osatu arte. Sarrera gonbidapenarekin da, eta esteka honetan eskuragarri daude. Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, ekitaldi aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, antolatzaileek aurrez esleitutako besaulkietan parte-hartzaileak egokitu ahal izateko. Joaterik ez duenak streaming bidez jarraitu ahal izango du ekitaldia, www.kulturguneatb.eus helbidean.

Jardunaldia 19:15ean hasiko da, aurkezpen txiki batekin, eta 19:30ean, zuzeneko bideokonferentzia batekin jarraituko du. Pere Estupinyak, dibulgatzaile zientifikoak moderatzaile gisa jardungo du, eta hauek parte hartuko dute: Arnaud Fontanet, eritasun berrien Epidemiologia Unitateko zuzendaria Pariseko Pasteur Institutuan. Gaur egungo osasunkrisiaren ondorioz eratutako Frantziako Zientzia Kontseiluko kidea; Patrick Tabeling, CNRSko Ikerketa zuzendaria eta Parisko Fisika eta Kimika Industrialeko Goi Eskolako irakaslea; Laura Lechuga Gómez, nanozientzia eta Nanoteknologiaren Kataluniako Institutuko taldeburua; Alfonso Valencia, Bartzelonako Superkonputazio Zentro Nazionaleko Bizi Zientzien Departamentuko zuzendaria; Camille Locht, ikerketa-zuzendaria Lille-ko Pasteur Institutuan; Carlos Martín Montañés, Zaragozako Unibertsitateko Mikrobiologia, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko Departamentuko katedraduna; Jean-François Timsit, Parisko Bichat Ospitaleko Suspertze Medikoaren eta Eritasun Infekziosoen Zerbitzuko burua; y Francisco López Medrano, Madrilgo 12 de Octubre Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Infekziosoen Unitateko mediku laguntzailea.

20:30ean hasiko den mahai-inguruan parte-hartzaile hauek izango dira: Cristina Eguizabal, Terapia zelularreko, zelula ametako eta ehunetako taldeko burua, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan, OSAKIDETZA-IIS Biocruces Bizkaia; eta Antonio Pérez-Martínez, Madrilgo La Paz Unibertsitate Ospitaleko Hemato-Onkologia Pediatrikoko zerbitzuburua, eta UAMeko Medikuntza Fakultateko Pediatriako irakasle titularra.

Francisco Javier San Martín kazetariak moderatuko du mahai-ingurua.

TAILERRAK ETA MAHAI-INGURUAK

Aurten, une honetako osasun egoera dela eta, programa batez ere online garatuko da. Horrela, asteburu honetan egingo diren sei tailerrak telematikoki jarraitu ahal izango dira. Era berean, bi solasaldi egingo dira covid-19ren inguruan, eta horiek presentzialak izango dira 65 laguneko edukiera murrizturako. Etortzerik ez dutenek online jarraitu ahal izango dituzte, esteka honen bidez hilaren 25ean eta honen bidez hilaren 26an.

Mahai-inguruan parte hartzeko, beharrezkoa da gonbidapen bat izatea, www.bilbaokultura.eus webgunearen bidez lor daitekeena. Gonbidapenak mahai-inguruko eguneko 12:00ak arte erreserbatu daitezke. Tailerrak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.