BILBO. Hurrengo astelehenean, irailak 14, martxan jarriko dira umeen aisialdiko eta familiaren kontziliaziorako Bilboko Udalak antolatutako Haurgune eta Kidegune programak. Ekimen hau 2021eko ekainera arte luzatuko da, hau da, ikasturtea amaitu arte.

Ikasturte honetarako 5 eta 11 urte bitarteko 192 adingabek eman du izena: 5 eta 8 urte bitarteko 129 haur Haurguneetan eta 9 eta 11 urte bitarteko 63 adingabe Kideguneetan.

Haurguneak eta Kideguneak Bilboko barruti guztietako udal-zentroetan egiten dira, hau da, Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza, Castaños eta Basurtuko udaltegietan, Zazpi Kaleetako lokal batean eta Abandon, aurten aurreneko aldiz.

Aurten, nobedade modura, 3 eta 5 urte bitarteko umeentzat (ohi baino txikiagoak) ere eskainiko da Haurgune programa Abandoko Udaltegian, astelehenetan eta martitzenetan.

Haurgune programa 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat da (2012 eta 2015 urteen artean sortuak). Astelehenetik eguenera egongo dira irekita, Basurtukoa izan ezik, eguaztenetan baino ez baita irekiko, 17:30etik 19:30era guztiak. Kidegune programa 9 eta 11 urte bitarteko neskato-mutikoentzat da (2009-2011 urteen artean jaiotakoak). Barikuetan eta zapatuetan izango dira, 17:30etik 19:30era; Basurtukoa, ordea, barikuetan baino ez.

Ikertu Mundu Berriak izango da goiburua, eta gaiak Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) izango dira, NBEak planeta babesteko 2015ean proposatutakoak. Edizio honetan, adingabekoak gai hauekin lotutako helburuetara eta balioetara hurbilduko dira: osasuna eta ongizatea, kalitateko hezkuntza, genero-berdintasuna, klimaren aldeko ekintza, ekoizpen eta kontsumo arduratsua eta lurreko ekosistemen bizitza.

OSASUN ARLOKO NEURRIAK

Herritarren osasuna zaintzeko helburuarekin, zenbait osasun-neurri jarri dituzte antolatzaileak:

  • Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da. 3 eta 5 urteko neskato-mutikoentzat izan ezik; horiek Abandoko proba pilotuan parte hartuko direnak dira.
  • Zentroan sartu eta irtetean, adingabeek eskuak garbitu beharko dituzte; gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie horretarako.
  • Ateak irekita egongo dira, heldulekuak ukitu behar ez izateko, komuneko atea izan ezik.
  • Geletako ateetako heldulekuak desinfektatu egingo dira, jarduera egin baino lehen eta erabili ondoren.
  • Leihoak zabalik egongo dira eguraldia traba ez den guztietan.
  • Haurguneetan eta kideguneetan espazio bat egongo da, leihoarekin eta komunarekin, umeak han isolatu ahal izateko, covid izan dezaketela susmatuz gero.
  • Talde bakoitzak bere materiala edukiko du, eta material hori erabili ondoren desinfektatu egingo da.

Udalaren programa horietan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da osasun-neurrien gaineko konpromisoak onartu eta sinatzea, eta programatik kanpo uzteko arrazoia izango da horiek ez onartu edo betetzea.

Haurgune eta Kidegune programetan aldaketak egin edo bertan behera utzi ahal izango dira, osasun-egoeraren arabera.