BILBO. Koronabirusaren pandemia dela eta sei hilabete luzez etenda egon eta gero, irailaren 19an itzuli egingo dira Gazteguneetako jarduera berriak. Beti bezala, jarduerak asteazken eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara izango dira.

Bilboko Udalak bihar, osteguna, irailak 10, izena emateko epea irekiko du, gazteguneetako, hau da, 12 eta 17 urte arteko gazteentzako udal espazio sozioedukatiboetako, jardueretan parte hartzeko.

Izena emateko epea irailaren 15era arte (asteartea) izango da. Arratsaldez eman daiteke izena, 17:00etatik 20:30era, parte hartu nahi den Gaztegunearen telefonora deituz edo bertara joanda.

Bilbok 8 Gaztegune dauzka, uriko auzoetan banatuak, eta eremu sozioedukatiboko profesional gazteek dinamizatzen dituzte, gazteen ekimenak jasoz eta babestuz. Gainera, Gazteguneetan ondo pasatzeko makina bat aukera dauzkagu: liburuak, filmak, berriketarako txoko erosoak, bideo-jokoak, mahai-jokoak, futbolina, billarra, mahaiko tenisa, arte plastikoetako eta artisautzako materiala, karaokea, sukaldaritza eta Interneteko sarbidea duten ordenagailuak.

Honelako espazioek gazteen hazkunde pertsonala sustatzen dute eta euren parekoen arteko harremanetan lagungarri dira, gaitasun pertsonalak garatuz eta ohitura osasuntsuak sustatuz. Modu berean, nerabeen parte-hartzea sustatzen dute.

NEURRI SANITARIOAK

Herritarren osasuna zaintzeko helburuarekin, zenbait osasun-neurri jarri dira:

  • Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da.
  • Zentroan sartu eta irtetean, gazteek eskuak garbitu beharko dituzte; gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie horretarako.
  • Taldeak 10 lagunekoak izango dira gehienez; gaztegune bakoitzean eta egun bakoitzean talde bakarra egongo da.
  • Ateak irekita egongo dira, heldulekuak ukitu behar ez izateko, komuneko atea izan ezik. Lokaletako ateen heldulekuak desinfektatu egingo dira, jarduera egin baino lehen eta erabili ondoren.
  • Leihoak irekita egongo dira, baldin eta eguraldiak ez badu eragozten.
  • Gaztegune bakoitzak isolamendu-gune bat edukiko du.
  • Talde bakoitzak bere materiala edukiko du, eta erabili ondoren desinfektatu egingo da.

Udalaren programa horietan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da neurri sanitarioen gaineko konpromisoak onartu eta sinatzea; programatik kanpo uzteko arrazoia izango da horiek ez onartu edo betetzea. Gazteguneen programak aldatu daitezke edo bertan behera geratu daitezke, osasun-egoeraren arabera.

GAZTEKLUBA

Gazteentzako udal eskaintzaren testuinguruan, Bilboko Udalak Gaztekluba programa, 12 eta 17 urte arteko adingabeentzako aisia osasuntsuko egitaraua, abiatuko du irailaren 25ean. Programa hau asteburuetan eta oporraldietan egiten da.

Jardueretan izena emateko epea irailaren 15ean hasiko da (asteartea), eta irailaren 21ean amaitu (astelehena).