BILBO. Inmigranteen inguruko zurrumurruei, aurreiritziei eta estereotipoei aurre egiteko kanpaina berria abiarazi du gaur, abuztuak 5, Bilboko Udalak.

Bilbok, zurrumurruen kontra beste udal batzuetan gauzatzen ari diren estrategiekin elkarlanean (hala nola Gasteizen, Getxon, Basaurin eta Leioan), eragiteko eta ohartarazteko ekintza digital hau diseinatu du Quan Zhou Wu irudigile eta arrazakeriaren kontrako ekintzailearekin batera. Algecirasen sortua da Quan Zhou Wu, eta irudigintza eta komikia erabiltzen ditu kultur dibertsitateaz, aurreiritziez eta estereotipoez hitz egiteko. Irudigileak, hain zuzen, eta lanetan, gai horiei ekiten die, umorez eta ironiaz.

Kanpaina estreinatu berria irudi sail batez dago osaturik, zeintzuen bidez zurrumurruen kontrako agenteen zenbait gako eta estrategia funtsezko nabarmentzen baitira, baina, agente horienak ez ezik, herritar guztienak ere badira gako eta estrategia horiek, aurreiritziak eta estereotipoak desegiteko, eta, betiere, eraikitzen laguntzeko solaserako guneak sorraraziz.

Kanpaina honen inguruan Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak azaldu duenez, sare sozialetan abiarazi da "material fresko, udatiar eta hurbileko baten bidez ezagutzera emateko zurrumurruen kontrako agenteen lanaren zenbait alderdi funtsezko, bazterkeriari aurre egiten diotelarik eta kultur arteko bizikidetza sustatzen dutelarik".

Era berean, Udalak proposatzen du irakurtzea, entzutea eta ikastea arrazakeriaren kontrako lanean ospea bildu duten agenteengandik, hala nola Quan Zhou Wu edo Angela Davis, Lucía Asué, Moha Gerehou, Paula Guerra eta Miriam Hatibi, besteak beste, hartara Bilbo kulturarteko hiri baten gisa finkatzeko.

ZURRUMURRUEN AURKAKO ESTRATEGIA

Udalak 2013. urteaz geroztik garatzen du atzerritarren gaineko estereotipo negatiboei aurre egiteko proiektua. Ekimen hori Herritarren eta Aniztasunaren II. Udal Planaren barruan dago, eta kulturartekotasunaren, gizarte-kohesioaren eta diskriminazioaren aurkako borrokaren balioekin konpromisoa duten pertsonen eta erakundeen sare osoa finkatzen du.

Zurrumurruen aurkako estrategia gizarte aldaketako prozesu bat da, epe luzekoa. Beraren bidez, bazterketa prebenitu nahi dugu, elkarbizitza hobetu, eta aniztasunaren potentziala aprobetxatu; horretarako, pertzepzioen, jarreren eta portaeren aldaketa bat sorrarazi nahi dugu biztanlerian, oro har, nahiz helburu-talde zehatzetan. Beraz, gizarte-mobilizazioko sareak sortzea eta indartzea sustatu nahi da, migratutako pertsonei eta kultura-aniztasunari buruz dauden estereotipo negatiboak, topikoak eta zurrumurru faltsuak desegitearren, zeintzuek gure udalerrian kulturarteko interakzioa eta bizikidetza baketsua zailtzen duten jarrera diskriminatzaileak sor baititzakete.

Gaur egun, 300 agente baino gehiago dabiltza uri osoan zurrumurruen aurkako estrategia bideratzen, Begoñan, Deustun, Errekalden, Basurtun eta Uribarrin.

Zurrumurruen kontrako agenteak auzoarekin eta hiriarekin konpromisoa hartuta duten pertsonak dira, beren ahalegin aletxoa ekarri nahi duten herritarrak, beren inguruan kultur dibertsitatearen alderako jarrera eta pertzepzio positiboagoak eta integratzaileagoak eragin nahi dituztenak, eta lanari ekiten diotenak kultur dibertsitatearen inguruko irudi faltsuak oztopatzeko.

Urtero-urtero, sustatzeko eta gaitasuna emateko jardueretan parte hartzen dute, eta, horietan, edukiak eta gaiak biltzen dira komunikaziorako funtsezkoak diren tresnekin, horien artean nabarmentzekoak direlarik aitortzea norberak aurreiritziak dituela; gogoeta, jakin-mina eta zalantzak eragitea; orokortzeak auzitan jartzea; enpatizatzea; jarrera positiboak edukitzea eta entzumen aktiboa lantzea; argudio argiak eta zehatzak baliatzea; bestea baloratzea; ez errurik egoztea; elkarrizketarako guneak sortzea; elkarrekiko lokarriak bilatzea; eta galderak erabiltzea komunikaziorako oinarrizko tresna gisa.

Ekintza digital hau Bilboko Udalaren Herritarren eta Aniztasunaren Udal Planean dago jasota, sentsibilizazioaren alde eta bazterkeriaren kontra esku hartzearen eremuan, betiere xedetzat duelarik atzerritarren kontra izaten diren aurreiritziei eta estereotipoei ekitea eta bazterkeriaren kontra egitea, kulturartekotasunaren balioak sustatuz sorkuntzaren bidez eta herritarren sareen bidez.