BILBO. Bidebarrieta Kulturguneak goi-mailako bi hitzordu hartuko ditu aste honetan, Bilboko Udalaren #BilbaoUda2020 programaren barruan. Programa honek 150 kultur proposamen baino gehiago egingo ditu udan zehar.

Abuztuaren 6an, osteguna, poesia errezitaldi bat izango da, eta "Travesía de Bilbao" dokumentala emango da; eta abuztuaren 7an, ostirala, Mikel Urdangarinek emango du kontzertu bat, zeina ezin aipatu gabe uztekoa baita euskal musikan , hogei urteko ibilbidea berrikusiz, Rafa Ruedak eta Ander Hurtado de Sarachok lagunduta.

"TRAVESÍA DE BILBAO"

Abuztuaren 6an, eguenean, 19:00etan, Bidebarrieta Kulturgunean, "Travesía de Bilbao" dokumentala emango da, José Fernández de la Sotaren izenburu bereko liburuan oinarritua; 2011n, Estatuko Poesia Saria jaso zuen.

Bidebarrieta Kulturgunean izango da, baina gonbidapena beharko da (hemen eskura daiteke: www.bilbaokultura.eus). Ekitaldira agertzen denak aukera izango du poesiazko ibilbide batez gozatzeko, Bilboko kale, paisai etxekoi, kirol-ekitaldi gogoangarri eta industriazko eta literaturazko oroitzapenetan zehar.

José Fernandéz de la Sota (Bilbo, 1960) kazetaria eta idazlea da. Kultur kazetaritzan aritu da hainbat hedabidetan, eta hainbat aldizkari zuzendu izan ditu: Ipar Atea, Boletín de Ficciones, Ancia (Blas de Otero Fundazioarena) eta Pérgola (Udalaren kazetaren literatur gehigarria). 1989an hasi eta 2017an azken alea argitaratu zen arte, Zurgai aldizkariaren erredakzio-kontseiluko kide izan zen (Poetas por su Pueblo kolektiboak argitaratzen zuen aldizkaria). Kontagintzan, poesian nahiz saiakeran, 20 liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta, bi alditan (1997 eta 2010), Euskadiko Literatur Saria irabazi du. 2011n, Poesiako Estatuko Sariko finalista izan zen.

Hainbat hizkuntzatara itzuli dira bere lanak, eta, gaur den egunean, dokumental zinemagintzan ari da. 2012an, "El sueño de los justos" kontakizuna eman zuen argitara, "Vidas y Bombas" liburuan, zeina Gernikako bonbardatzearen urteurrenean argitaratu baitzen; liburuan, baziren Ignacio Martínez de Pisón, Miguel González San Martín eta Bernardo Atxagaren kontakizunak ere. 2014an, Jon Bañuelosekin batera, "Travesía de Bilbao" filma egin zuen, poesiazko dokumental bat, Julio Cortázarren aldeko omenaldi bat ere biltzen duena.

MIKEL URDANGARINEN KONTZERTUA, RAFA RUEDAREKIN ETA ANDER HURTADO DE SARACHOREKIN BATERA

Abuztuaren 7an, barikuan, 19:00etan, Mikel Urdangarin izango dugu Bidebarrieta Kulturgunean, euskal kantarien artean oparoenetako bat azken urteetan, Rafa Rueda eta Ander Hurtado de Saracho lagun dituela, hogei urte baino gehiagoko ibilbidean ondutako kantuen artean hautatuak jotzen.

Kontzertu horretarako sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan, hemen: www.bilbaokultura.eus. Horrez gain, sarrera kopuru txiki bat gordeko da lekuan bertan saltzeko, 17:00etatik aurrera.

Mikel Urdangarin da euskal kantarien artean oparoenetakoa azken urteetan. Ahots ederreko kantaria, kalitate handiko 14 disko egiteko gauza izan den adimen batez hornitua. Badirudi Mikeli berez sortzen zaizkiola kantuak, barruan daraman musikak ez duela inolako oztoporik aurkitzen jaulkitzeko. Mikelen kantutegian badira kantak jendeak hortzartean kantatzen dituenak, herri kantak balira bezala, betikoak. Horrez gain, artistak literaturarekin duen harremana ere handia da, itzela. Urdangarin hainbat eta hainbat egilerekin jardun da elkarlanean, hala nola Xabier Amuriza, Gerardo Markuleta, Kirmen Uribe€haien testuak, esaterako, "Bar Puerto" bilduman daude jasota (2001ean argitaratu zen).

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Era beran, musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da Bidebarrieta Kulturgunean egingo diren ekitaldi guztietan.