BILBO. Gaur goizean, hilak 27, astelehena, Bilboko Udalak ezagutzera eman ditu 2020ko bilbainaden lehiaketaren XXXII. edizioko irabazleak. Urtero egiten da txapelketa hau, eta tradizio bihurtu egin da dagoeneko.

Hain zuzen ere, 2020ko XXXII. edizioko saridunak hauek izan dira: euskarazko bilbainadarik onenaren saria Xabier Rementeriak eta Roberto Gutiérrez de Rozak irabazi dute, 'Bilbo Lotu' bilbainadarekin; gaztelaniako bilbainadarik onenaren saria, ordea, Iñaki Iglesias Nadalek irabazi du, 'Goyo Nadal Kalea' bilbainadarekin. Saridunek, bi kategorietan 955 euro eta Don Diego bana eskuratuko dute.

Halaber, zortzi accesit ere aukeratu dira; horietako bakoitzari 420 euro eta plaka bat eman zaizkie. Hona hemen zortzi sari horiek eskuratu dituzten abestiak:

  • 'Bizkaiaren Ama', Jose Mª Larrazabal Alzagarena.
  • '25 años con metro', Roberto Gutiérrez de Rozasena.
  • 'La que ha liao Marijaia', Miguel Ángel Gómez Urtiagarena
  • 'Cantando por los balcones', Guillermo Garmendia Talledorena
  • 'Porque soy de Bilbao', Agustín Ferrero Fernándezena
  • 'Esencia de txikitero', Juan Carlos Guerrero Tudearena
  • 'Los turistas en Bilbao', Fernando Botanz Parrarena
  • 'Confidencias bilbainas', Hugo Robles Pérezena

Halaber, ohorezko sari bi banatuko dira: Moskotarrak konpartsari bat, Bilboko jaietan bilbainadak zabaltzen laguntzeagatik, eta bestea Txetxu Bilbaori, bilbainada-egile moduan egindako ibilbide luzeagatik.

BILBOKO HISTORIA

Bilbainaden lehiaketa, urteen poderioz, uriko gaurkotasuna errepasatzen duten abestien bilduma bihurtu da. Bilbainadetan Bilboren historia kontatzen da, lan arkitektoniko, garraiobide, erakunde edo pertsonaia esanguratsuenak oinarri hartuta. Lehiaketa honen bidez, Bilboko Udalak, Radio Nervión eta Telebilbao irratien laguntzarekin, musika-sorkuntza sustatu nahi du, jai-giroari eta bilbainadak kanta herrikoiaren tradizioari eutsi.

Aurtengo edizioko epaimahaiko kideak hauek izan dira: Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia; Alberto Ruiz de Azua, Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzia; Enrique Campos, Grupo Nervión taldeko zuzendaria (TeleBilbao - Radio Nervión); Iñaki Uranga, kantaria; Amagoia Loroño, Akordeoien Orkestrako zuzendaria eta Ana Madariaga, Bilbao Musikako zuzendaria.

Datozen hilabeteetan egingo da Bilboko Udalaren Bilbainaden Lehiaketako XXXII. edizioko sariak banatzeko gala.