BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera berezia dela eta, Bilbok azken urteetako liburuaren egunik ezohikoena ospatu egin du gaur. Hala eta guztiz ere, bertan izan da Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Bizkaiko Liburu Sailtzaileen Elkarteko presidente Kepa Torrealdairekin batera, eta baita ere Udalaren zein Bilboko kultura munduaren zenbait ordezkarirekin.

Duela 25 urtez geroztik, UNESCOren proposamenez, Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an ospatu ohi da, 1616ko egun horretan hil ziren literatura unibertsaleko hiru idazle klasiko handiren oroimenez: Miguel de Cervantes, William Shakespearen eta Inca Garcilaso de la Vega.

Covid-19aren pandemiak Liburuaren Eguneko ospakizunak atzeratzera behartu zuen duela hiru hilabete, baina Juan Mari Aburto Alkateak gaur goizeko agerraldian gogoratu duenez, "Udalak hainbat ekimen bideratu zituen egun hartan Bidebarrieta Kulturguneko sare sozialen bitartez irakurzaletasuna sustatzeko, gure idazle garaikide nagusien testigantzak bilduz, Bilbon girotutako euskarazko zein erdarazko literatur lanen zerrenda osatuz eta argitara emanez, eta Bizkaiko Elkarte Artistikoak urtero antolatzen duen On Kixoteren irakurketan parte hartuz, online noski".

"Parekorik ez duen egungo une historikoak orain arte ezagutzen genuen mundua behin-betiko aldatuko duen" ustean, Aburtok irakurtzera eta literatura egiten jarraitzera animatu du, baita sormen sektore osoa sustatzen jarraitzera ere, "izan ere, irakurtze hutsa mundua aldatzen laguntzeko modu bat da, gure osasun intelektuala sasoian mantentzeko modurik onena", nabarmendu du, Albiako Lorategiaren ondoko Berastegi eta Pedro Ibarretxe kaleetan instalatutako 24 liburu-saltokiak bisitatzeari ekin aurretik.

Azkenik, Alkateak eskerrak eman dizkie Bizkaiko Liburu Sailtzaileen Elkarteari eta ekitaldian bildutako idazleei, "koronabirusaren egungo garai ilunetan ere literatura eta liburuaren mundua zaintzen laguntzeagatik", eta herritarrei "letren munduarekiko topaketa honetan" parte hartzeko gonbidapena luzatu die, "literatura kontsumitu eta oparitu dezaten, izan ere, liburuetan dauzkagu bilduta bizitzaren esentziarik onenak eta lehengo, oraingo nahiz geroko arazoetarako konponbideak... irakurriz ikasi eta ikasiz bizi", adierazi du.