BILBO. Gaur goizean, hilak 17, Lucía Yarza pasalekuaren inaugurazioa egin da, La Salve garagardo-fabrika historikoaren buru eta fundatzaile izan zenaren izena daramana. Pasalekua Montaño etxaldearen eta Maurice Ravel etorbideko biaduktuaren artean dago kokatuta. Ekitaldian, Bilboko alkate Juan Mari Aburtoz gain, Oihane Agirregoitia Herritarren Arreta eta Partaidetzako Saileko Zinegotzi eta Udal Korporazioaren ordezkariak izan dira.

Ekitaldian ere egon dira Gorka Perez Yarza, Lucia Yarza Salbeko kontseilariaren senitartekoa, Eduardo Saiz Lekue eta Jon Ruiz Ibinarriaga sustatzaileak eta Mahou-San Miguel ordezkariak, La Salveko bazkideak direnak.

Lucía Yarza pasealeku berriak ez du izen berriak eragindako higiezinik, eta Bilbotik Lezamara doan trenbide zaharra du ardatz nagusi. Trenbide hori berriki desegin dute, Bilboko Udalak "La Pinza" izenez ezagutzen den eremuan garatu duen "Auzoko Bihotza" eraldatzeko prozesuari esker.

Jarduera horri esker, 13.000 metro karratuko hiri-eremua berreskuratu ahal izan da, eta pasealekuak, egonlekuak, kirol-eremuak eta adin guztientzako aisialdirako guneak, rokodromo bat eta "Gazte Pinza" izenez ezagutzen den balio anitzeko 100 metroko espazio bat sortu dira. Horrez gain, hainbat elementu mekaniko ere jarri dira, eremu osoan irisgarritasuna errazteko.

LUCÍA YARZA

Lucia Demetria Yarza Arregui Begoñako elizatean jaio zen 1847ko abenduaren 22an. 1870ean Alacanteko Francisco Pérez enpresariarekin ezkondu zen, eta sei seme eta bi alaba izan zituzten. 1896an alargundu ondoren, Lucia Yarzak familiako elikadura eta ostalaritza negozio ugarien agintea hartu zuen, horien artean Boulevard eta Arriaga kafeak, Carabanchel taberna eta Excelsior hotela.

Azkenik, 1911n, Pérez Yarza familiak La Salve Garagardo Fabrika erosi zuen. 1886an sortu zuen José Schumannek Salbeko zelaian, eta 1897tik instalazio berriak izan zituen Artxanda mendiaren magalean, Artatzamina eta Salbe kaleen arteko elkargunean, Artatzaminako errekasto zaharraren gainean, trenbidearen tuneletik gertu dagoen iturburuaren ondotik igarotzen zena. Yarzak, bere semeetako batekin batera, La Salve eta gainerako negozioen kudeaketa bere gain hartu zuen ia 15 urtez, 1923an, ardura hau, bere seme nagusia zen Francisco Pérez-Yarzaren esku utzi zuen; bera izan zen buru 1978an itxi zuten arte. Lucia Yarza Bilbon hil zen 1927ko urriaren 3an.

2015ean, Eduardo Saiz Lekuek eta Jon Ruiz Ibinarriagak bultzada berria eman zioten Salberi.

BILBOKO KALE-IZENDEGIAK

Uribarriko eremu horrekin lotura historiko ukaezina izateaz gain, "La Pinza" pasealeku berriari Lucia Yarza izena ematea oso lotuta dago Bilboko Udalak garai guztietako emakume bilbotarren ikusgarritasuna sustatzearen alde egindako apustuarekin.