BILBO. Gaur, hilak 1, uztailaren hasierarekin batera, Kobetamendiko autokarabanen aparkalekuko ateak ireki dira berriro. Koronabirusak eragindako egoera dela eta ia lau hilabete eman ditu itxita, baina dagoeneko zabalik dago. Aparkalekuak 72 plaza ditu gehienez eta oso kokapen egokian dago, Bilboko erdigunetik 15 bat minutura.

Era berean, hala langileen nola erabiltzaileen osasun-segurtasuna zaintzeko, Kobetamendiko autokarabanentzako aparkalekuak Kontingentzia-protokolo bat du koronabirusari aurre egiteko eta hainbat osasun-neurri ezarri ditu bisitariak iristen direnetik esparrutik irten arte.

Horrela, gel hidroalkoholikoaren erabilera bermatuko da espazio komun guztietan, seinaleztapenaren bidez pertsonen arteko gutxieneko distantzia ziurtatuko da eta egunero terraza-eremua fumigatuko da, eta komunak eta bainuen esparruak egunean gutxienez sei aldiz desinfektatuko dira. Erabiltzaileak irten ondoren, lursailak desinfektatzeko zerbitzua indartuko da, argi eta ur hartuneei arreta berezia jarriz.

Gainera, lehentasuna emango zaio Kobetamendiko autokarabanen aparkalekuko erabiltzaileen eta langileen arteko telefono bidezko harremanari, eta hiriko informazio turistikoa banaka bananduko da, liburuxken manipulazioa saihesteko.

Aurreko denboraldietan bezala, karabanak gehienez 48 orduz egon ahal izango dira aparkatuta eta eguneko 15 euroko tarifa ordaindu beharko dute ibilgailu bakoitzeko. Turismo-modalitate hau erabiltzaileek gehien eskatzen dutenetako bat da, segurtasuna eta aire zabaleko espazioak konbinatzen baititu.