BILBO. Gaurtik hasita eta #BilbaoUda2020 ekimenaren barruan, Bilbok 12 topaketa kultural antolatu ditu aste honetarako. Horietan musika, zinema, antzerkia eta beste zenbait disziplina artistikoren parte diren pertsonak hartuko dute parte.

Bilboko Udalak antolatua, #BilbaoUda2020-k aisialdiko eta kulturako 150 jarduera baino gehiago hartzen ditu barruan uda honetarako gure hirian. Proposamen hauek #BilbaoAurrera Udal Planaren barruan sartzen dira. Planaren helburua da, hain zuzen ere, Covid-19aren ondorioak arintzea egoerak gehien kaltetu dituen lanbide-sektoreetan.

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Horretarako, programako proposamenak formatu txikikoak izango dira, sarrera kopurua mugatuta egongo da eta publikoa beti eserita. Modu berean, maskara nahitaezkoa izango da #BilbaoUda2020-ren testuinguruan espazio itxietan egiten diren ekitaldi guztietan.

PROGRAMAZIOA, BARRUTIEN ETA DATEN ARABERA

Ekainak 29, astelehena

Ekainaren 29an, astelehena, on line topaketa egingo da Mad Muasel-ekin, gaztelaniazko dancehall artista, Bazter Fest-en testuinguruan, Bilboko Udalak eta Eskina Femenina kolektiboak antolatua. Topaketa Zoom plataformaren bidez egingo da, 20:00etan.

Ekainak 30, asteartea (05. Barrutia - Ibaiondo)

Lalulú Teatro-k Arriaga Antzokira ekarriko du 'Desfasando que es gerundio' antzezlana. Ikuskizun honetan, umorez beteriko ibilbide bat proposatzen da, zenbait egoeratan zehar. Sol Maguna, Maribel Salas eta Gemma Martínez dira antzezleak. Emanaldia 19:30ean hasiko da. Txartelak salgai daude (15 euro; 12 euro Arriaga Antzokiaren lagunentzat).

Uztailak 1, asteazkena (05. Barrutia - Ibaiondo)

Zinemak ere bere lekua dauka #BilbaoUda2020-en. BilbaoArteren eskutik, hilabete guztietako lehenengo asteazkenean egin ohi denez, Art House Zinema-rekin gozatuko dugu. Hilaren bata Steve Loveridge zuzendariaren txanda izango da, M.I.A. artistaren bizitzaren inguruko musika-dokumentalarekin. Sarrerak doakoak dira, eta erreserba telefonoz egin behar da (telefonoa: 94 415 50 97). Proiekzioaren aurreko eguna da erreserba egiteko azken eguna. Proiekzioa 19:00etan izango da.

Egun berean, Arriaga Antzokiak errezitaldi bat proposatzen du: Alicia Amo sopranoak abestuko du, Rubén Fdez. Aguirre maisua pianoan lagun duela. Kontzertu eklektikoa eskainiko dute. Programak ondo bereizitako bi zati ditu: Beethoven, Schubert eta Mendelssohn lehenengo blokean, eta melodia sefardiak bigarrenean. Hitzordua 19:30ean da eta sarrerak (15 € - 12 € Arriaga Antzokiko lagunentzat) salgai daude antzokiaren web-orrian.

Uztailak 2, osteguna (05. Barrutia - Ibaiondo)

Calixto Bieitok Asier Polo biolontxelo-jole handia zuzenduko du. Polo bere belaunaldiko biolontxelo-jolerik onenetako bat da, kritika espezializatuaren aburuz. Errezitaldi hau Arriaga Antzokian egingo da, eta J. S. Bach izango du protagonista. Hitzordua 19:30ean hasiko da. Sarrerak salgai daude: 15 euro (12 euro Arriaga Antzokiaren lagunentzat).

Gainera, eguen horretan bertan, uztailak 2, Bidebarrietak Uda Bidebarrietan programa hasiko du izen bereko liburutegian, 'Sosegurako Kapsulak' errezitaldiarekin: Patxi Zubizarreta (testuak), Pello Ramírez (musika), Maddi Oihenart (ahotsa) eta Sahatsa Ramírez (dantza). Ekitaldi hau 19:00etan hasiko da. Dohainik izango da, aretoa bete arte.

Bestalde, Bilborock-ek "Imaginatuak" martxan jarriko du. "Imaginatuak" arteen arteko kultur mugimendua da, era guztietako sorkuntza artistikoetarako topagune izan nahi duena: literatura, dantza, pintura, musika eta diseinua, besteak beste. Topaketako sarrera dohainik izango da eta 19:00etan hasiko da.

Arratsalde berean, "Amen" filma jarriko da BILBAOARTE-n, Costa-Gavras zuzendariari eskainitako atzera begirako zikloan. Sarrera librea izango da baina sarrerak telefonoz erreserbatu beharko dira (94 415 50 97). Proiekzioa 19:00etan hasiko da.

(06. Barrutia - Abando)

Abraham de Román 4tet Bertendona Institutuan egongo da Uda Jazz zikloaren barruan, bertoko jazz eszenako erreferenteak ekarriko dizkiguna. Hauxe izango da 8 kontzertuko ziklokoko lehenengo emanaldia. Kontzertua 19:00etan hasiko da. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 eurotan, eta esteka honetan erosi daitezke, aretoa bete arte. Abraham de Román 4tet-eko kideak hauek dira: Abraham de Román, saxofoia; Aingeru Torre, saxo alto; Alberto Madrid, kontrabaxua; eta Hilario Rodeiro, bateria.

Azkuna Zentroak ere #BilbaoUda2020-n parte hartzen du. Zentro honek zenbait hitzordu eskainiko ditu uda osorako; lehena 'Consejo de Sabias' izenekoa izango da, Sra Polaroiska kolektiboaren eskutik. 19:00etan izango da, terrazan. Ez da sarrerarik geratzen. Zenbait elkarrizketaren bidez, hainbat eremutako emakume profesionalek euren bizi- eta lan-esperientziak konpartituko dituzte; batzuentzat erreferenteak izango dira.

Uztailak 3, ostirala (05. Barrutia - Ibaiondo)

Mikel Erentxun artista Bidebarrietako liburutegiko Bidebarrieta Kulturgunean egongo da uztailaren 3an, barikua, bere ibilbide luzean murgiltzeko. Donostiako Duncan Dhu taldeko kide ohiak bere abesti famatuenak joko ditu 19:00etatik aurrera. Kontzertuko sarrerak 5 euro izango dira. Hemen erosi ditzakezu.

Uztailak 4, larunbata (05. Barrutia - Ibaiondo)

Uztailaren 4an, zapatua, 'Musika Lokala' ekimenaren bidez (Bilboko talde gazteei espazio mitiko eta berezi honetan, Bilborock-en, jotzeko aukera ematen diena), Wicked Wizzard taldea arituko da. Entropía eta Wreck Totem talde gonbidatuak izango dira. Kontzerturako gonbidapenak Wicked Wizzard-en Facebook eta Instagram kontuen bidez banatuko dira. Kontzertuak 20:00etan hasiko dira.

#BilbaoUda2020-ko kultur informazio guztia eranskinetan eta esteka honetan kontsultatu daitezke.