BILBO. Hurrengo egunetan zehar, maiatzaren hasieran eten behar izan zen ur-hornidura berrezarriko da uriko lau iturri apaingarrietan. Iturri horiek Abandoibarrakoa, Zabalburu plazakoa, Gernikako Lorategietakoa eta Ametzolako iturriak izango dira.

Udalak lau iturri horietan ura kentzea erabaki zuen horien erabilera txarra eragoztearren, herritar ugari ibiltzen baita haietan, eta are eta gehiago bero handiko egunetan: gune horietan kutsatzea osterantzean errazago gertatuko litzatekeela-eta erabaki du hori, osasun agintariek emandako gomendio eta neurriei kasu eginez, betiere.

Bilboko Udalak elementu apaingarri horiek erantzukizunez erabil daitezela eta osasun arloko arauak betetzeko eskatzen du ostera ere.

TERRAZAK HANDITZEKO LIZENTZIAK ESKATZEKO EPEA OSTIRALEAN AMAITUKO DA

Beste alde batetik, hurrengo ostiralean, ekainak 26, amaituko da hiriko ostalariek terrazen azalera handitzeko eskaera egiteko epea. Bilboko Udalak eskaerak onartzen jarraituko du, baina ostalaritza-establezimendu berrien edo horien titulartasun-aldaketen kasuan bakarrik.

Terraza jartzeko edo handitzeko eskatzeko aukera maiatzaren 11n jarri zen martxan, 'deseskalada' deritzonaren 1. fasearen hasierarekin batera. Neurri hori salbuespenezkoa eta iragankorra da, eta haren bidez, Udala, ahal duen neurrian, osasun-krisiak ostalaritza-sektoreari eragin dion galera ekonomikoa arintzen saiatu da.

Udalak gogorarazi nahi du terrazak jartzeko baimenak (sasoikoak edo berriak) osasun-agintariek emandako jarraibideetara egokitu beharko direla. Horregatik, ostalaritza-lokalek bermatu beharko dute ezinbesteko segurtasun-tarteak mantentzen direla une oro unitate laukituen artean (mahaien eta aulkien multzoak), 1,5 metrokoa.

Terrazaren okupazioa baimenean jasotakoari egokitu beharko zaio, eta ezingo da mahaien kopurua handitu terrazarako baimendutako eremutik kanpo.

Bilboko Udalak kontrolak egiten jarraituko du, emandako terraza-baimenen baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.