BILBO. Gaur, ekainak 3, Bilbok Bizikletaren Munduko Eguna ospatuko du. Azkenaldian, bizikletaren erabilera zeharo hazi egin da Bilbon, batez ere deseskalatzea hasi zenetik. Egun hau urian ospatzen den hirugarren urtea da.

Maiatzaren 25eko astean, 66.425 igaroaldi kontatu ziren urian diren bidegorrietan ezarritako 10 kontagailuetan, urte guztian inoiz baino gehiago, alarma egoera hasi aurretik erregistratutako kopurua baino askoz gehiago, orduan 46.755 igaroaldi kontatu baitziren, otsailaren 10eko astean.

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak gauzatutako jardunek, eta halaber datozen hilabeteotarako aurreikusita dauzkan jardunek lagundu egin behar diote joera horri. BilbaoBizi, bizikletak maileguan uzteko udal zerbitzua, akuilu bat gertatu da garraiobide hori erabil dadin sustatzeko. Bizikleta elektrikoak zerbitzu horretan sarturik, ugaritu egin da erabilera: hala, 2018an 373.869 bider erabili ziren, eta, berriz, 2019an, 1.704.363 bider.

Bilboko bizikleta sareak, egun, 57,3 kilometro dauzka, eta urtea amaitu baino lehen, 59,6 kilometro izango ditu.

Beste eragile bat, balio handikoa urian bizikletaren erabilera hedarazteko, zera izango da: uriko bide guztietan abiadurari 30 km/h muga ezartzea. Hori uda amaitu aurretik egongo da guztiz ezarrita, eta Bilbo bihurtuko da, hartara, munduan 300.000 biztanle baino gehiago dauzkaten hirien artean lehen hiria kale guztietan abiaduraren muga 30 km/h izango duena. Neurri horrek segurtasun handiagoa emango dio bizikletaren erabiltzaileari, eta, batez ere, animatu egingo ditu ibilgailuen abiadura dela-eta bizikleta erabiltzera uzkur direnak.

Azken batean, Bilbok geroz eta jarrera irmoagoa du bizikletaren alde, mugikortasunerako aukera garbia delako eta garraiobide ekonomikoagoa eta irisgarriagoa delako, erosoagoa distantzia laburretarako (8 km artekoetarako), eta, gainera, ohitura osasungarriak harrarazten dituelako eta urian zarata gutxiago egotea eragiten duelako, guztion onerako.