BILBO. Pasaden astelehenean, Euskadi deseskalatzearen bigarren fasean sartu zen. Hori dela eta, jendearen mugikortasuna zabaldu da, beraz, eta garraio publikoaren eskaria igo. Horregatik, Bilbobusek bere zerbitzuen eskaintza handitu egin du, martxoko eta apirileko zifrak bikoiztu arte.

Horretarako, puntako orduetako zerbitzuen % 93 berreskuratu ditu eta 18 linea dauzka % 100ean (13, 18, 27, 28, 30, 37, 48, 56, 57, 58, 62, 71, 75, 77, 85, A3, A6 eta A9). Horrek esan nahi du zerbitzua osatzen dute eguneko lineen erdia baino gehiago ohiko ordutegian dabiltzala.

Bere aldetik, asteburuetako zerbitzua nabarmen areagotuko da zapatutik aurrera (begiratu ordutegiak). Era berean, Bilbobusek errefortzuko autobusak dauzka, edukiera betetzeagatik bidaiari gehiago hartu ezin duten ibilgailuen ibilbidea osatzeko.

Gainera, segurtasun neurriak unean-uneko egoerara egokitzen dira, garraio segurua bermatzeko. Autobusen udal zerbitzuan, eserita dauden erabiltzaileen plazen % 50 eta zutikako plazen % 25 okupatzen dira gehienez. Derrigorrezkoa da maskarak erabiltzea, Barik txartela baino ez da onartzen ordaintzeko eta autobusera sartzeko erdialdeko ateak baino ezin dira erabili.

Halaber, gaurtik aurrera, irekita egongo dira informazio kabinak. Hauek Gran Vía/Plaza Biribilean, Areatzako Zubian, Destuko Done Petri Plazan eta Errekaldeko Gordoniz kalean daude. Horien ordutegia astelehenetik barikura 07:00etatik 20:30etara izango da eta zapatuetan 07:00etatik 13:45etara zabalik egongo dira.

Beste alde batetik, gogoratu behar da Bezeroen Bulegoa ohiko ordutegian ari da funtzionatzen maiatzaren 11tik. Poza lizentziatuaren kaleko 8an dago eta astelehenetik barikura zabalik dago 07:30etik 20:00etara, zapatuetan 09:00etatik 20:00etara, eta domeka eta jaiegunetan 09:00etatik 14:00etara. Bulego horretan ez da onartzen eskudirurik ordainketak egiteko eta gutxieneko segurtasun tartea gorde beharra dago, lurrean ipinitako seinaleetan adierazitakoa.