BILBO. Uriko kaleetan gauza daitezkeen jende-pilaketak ekiditzeko asmoz, Bilboko Udalak, asteburu honetatik aurrera, zortzi barrutietako 13 eremu egokituko ditu oinezkoei lehentasuna emateko. Horrela, distantziak gordetzea errezagoa izango da eta kutsatzeko aukerak murriztu egingo dira.

8 barrutietan, aldi bateko neurriak ezarriko dira oinezkoak hiriko kaleetan eta etorbideetan errazago ibili ahal izan daitezen, elkarren artean utzi beharreko bermatzeko adina lekurekin.

Xede horrekin, 13 gunetan (126.330 metro koadro) mugatu egingo da ibilgailu pribatuaren erabilera, mugatu egingo da abiadura (gehienez ere 20 km/h-koa izango da), eta lehentasuna emango zaio oinezkoen erabilerari. Gune horietako gehienak korridoreak dira, zabalguneak lotzen dituztenak (hau da, plazak, parkeak eta abar).

Horrez gain, barruti guztietan, eta jende pilatzeak eragoztearren eta pertsonak hara eta hona errazago ibil daitezen, asteburu honetatik aurrera luzeagoak izango dira oinezkoentzako tarte berdeak, hiriko oinezkoen 50 pasabide semaforodun baino gehiagotan.

Era berean, gomendatzen da aintzat hartzea zenbait aholku, hirian gabiltzala elkarren artean tartea uzteko gomendioa hobeto betetzearren:

  • Nondik ibili erabakitzeko orduan, oinezkoentzako leku zabala daukaten etorbide eta kaleei ematea lehentasuna.
  • Ahal dela, ez ibiltzea kale estuetatik, elkarren arteko tartea uztea zaila den tokietan.
  • Espaloietan edo oinezkoen guneetan, ahal dela, beti zirkulatu behar da norabidearen eskuineko aldetik. Bi espaloi dauzkaten kaleetan, norabidearen eskuineko espaloitik joan behar da.
  • Hirian ohikoak diren plaza eta ibilbideetan, hala nola Abandoibarrean eta Campo Volantín inguruan itsasadarraren alde banatan doazen ibilbideetan, edo Kañu pasealekuan, erlojuaren orratzen norabidearen kontrakoan joatea (eskuinetik ezkerrera).

OINEZKOEK LEHENTASUNA IZANGO DUTEN GUNE BERRIAK

Larunbatean eta igandean, 07:00etatik 22:00etara, 13 gune egokituko dira 8 barrutietan, oinezkoen joan-etorria lehenetsiz eta ibilgailu partikularraren erabilera mugatuz.

Arratsaldeko 8:00etatik gaueko 11:00etara arte ostiraletan, eta goizeko 7:30etik gaueko 11:00etara arte zapatu eta domeketan, hainbat gune egokituko dira 8 barrutietan, oinezkoek lehentasuna izan dezaten, eta mugatu egingo da haietan ibilgailu partikularraren erabilera.

1. Barrutia

  • Deustuko zubiaren pean, Udaletxerako norabidean doan erreia oinezkoentzat izango da. Itxi egingo da bidea ibilgailuentzat San Inazioko norabidean Botikazar Erribera kalean, Agirre anaien eta Frances Macia kaleen artean. Bidegorria erdibitzailetik hurbilen dagoen aldera saihestuko da, eta galtzadatik joango da Salbe zubiraino. Bidegorria itxi egingo da Salbe zubiaren eta Agirre Anaien kalearen artean, oinezkoek erabil dezaten, eta txirrindulariek galtzadatik ibili beharko dute.
  • Zubizuriko eta Aita Arrupeko zubietan martxaren bi noranzkoak mugatuko dira, oinezkoen joan-etorria errazteko.
  • Zarandoa etorbidea itxi egingo da (Deusturako norabidean), Aragon kalearen eta Madariaga kalearen luzapenaren artean, oinezkoek erabil dezaten. Igarotzen utziko zaie garajeetara doazen autoei, garbiketa zerbitzuei eta Bilbobusen autobusei.

2. Barrutia

  • Lezamako bide zaharra kalea oinezkoek erabiltzeko egokituko da, Pikotamendi (Artxanda) inguruarekin eta Etxebarria parkearekin lotzeko. Bilbobusen autobusei eta inguruko garajeetara doazen ibilgailu partikularrei bakarrik utziko zaie igarotzen.
  • Oinezkoek erabiltzeko zedarrituko da Udaletxeko zubian igotzen den bidearen eskuineko erreia, gune horretan espaloia zabaltzeko.

3. Barrutia

  • Jesus Galindez kalean, Txomin Garat eta Ornilla doktorea kaleen artean, ezarriko da oinezkoen gunea, eta libre utziko da Garaizar kalearen eta Gabriel Aresti etorbidearen arteko konexioa. Bilbobusen autobusei eta inguruko garajeetara doazen ibilgailu partikularrei utziko zaie igarotzen.

4. Barrutia

  • Oinezkoentzako gune moduan egokituko da Zabalbide, Santa Klara, Iturriaga eta Juan de la Cosa kaleen eta Santutxuren arteko eremua. Garajeetara doazen ibilgailuei igarotzen utziko zaie.

5. Barrutia

  • Oinezkoak ibiltzeko izango da Atxuri kalea, Miraflores etorbiderako norabidean doan erreian, Kañu pasealekuarekiko lotura hobetzeko.

6. Barrutia

  • Oinezkoentzako gunea izango da Kale Nagusia, Mazarredo zumarkalearen eta Moyua plazaren arteko tartean. Garajeetara sartzen eta ateratzen baino ez da utziko. Bilbobusen zerbitzua eta taxi zerbitzua desbideratu egingo dira, ondoko kaleetara.

7. Barrutia

  • Oinezkoentzako egokituko da Arane eta Medina de Pomar kaleen arteko eremua, Eskurtze parkearekiko konexioa hobetzeko. Garajeetara doazen ibilgailuei igarotzen utziko zaie.
  • Egokitu egingo da Diaz Emparanza kalea, oinezkoek erabil dezaten, Villabaso kaletik abiatuta. I

8. Barrutia

  • Oinezkoentzat izango da Olabeaga nasa, Olabeagako San Nikolasetik hasi eta Zirgalarien nasako oinezkoen eremura arte. Inguru hartako garajeetara sartzen eta ateratzen utziko da.
  • Abaro Estrata kalea, Zorrotza-Kastrexana errepidearen eta Zorrozgoitiko bidearen artean, egokitu egingo da oinezkoek erabiltzeko, eta Untziola kaletik igarotzeko modua izango da, zeharka, bai eta garajeetara sartzeko eta ateratzeko ere.
  • Basurtoko geltokia kalea oinezkoentzat izango da, eta garajeetara sartzen eta ateratzen utziko da.