BILBO. Denbora asko pasa da kalean kirola egin ezin denetik. Bihar, maiatzak 2, jendea berriz atera ahal izango da, segurtasun neurri batzuk betetzen, korrika egitera eta paseoak ematera. Horregatik, Bilbao Kirolakek hainbat gomendio ezaguarazi ditu jarduera fisikoa egiterakoan lesiorik ez izateko; hala nola, ariketak apurka-apurka eta suabe hastea gomendatzen du.

Ibilbide zirkularrak gomendatzen dira, betiere norbere egoera fisikoari egokituta, distantziari eta zailtasunari dagokienez. Gorputza ondo hidratatu behar da, ibilbidean atsedenaldi aktiboak egin behar dira, arnasa bere onera etorri eta nekea saihesteko, eta indarreko ariketa orokorrak eta luzaketak eta arnasketakoak tartekatu behar dira.

Garrantzitsua da jarduera paseo batekin amaitzea, bihotzaren erritmoa eta lasaitasuna berriro eskuratzeko. Erabili arropa erosoa, ahal dela teknikoa, eta jarduerarako oinetako egokiak.

Bilbao Kirolakek gogorarazi du arineketan egiteko urian han eta hemen dauden 11 zirkuituri buruzko informazio zehatza eskura dagoela webguneko BK RUN atalean. Hauek dira zirkuituak: Europa parkea belarra, Deustu-Udaletxea-Deustu, Txurdinagako kiroldegia, Abusu-Ibaieder parkea, Errekalde-barrera Pagasarribide kiroldegia, Miribillako kiroldegia, Europa parkea, Atxuri-Kañubidea, Etxebarria parkea, Artxandako kiroldegia eta Casilda Iturrizar parkea.

Horietako bakoitzean distantzia eta erretzekoak diren kaloriak jarrita daude, ibilbidea jaitsi daiteke eta bideo batean ikusi ere bai.

Jarduera fisikoa egiteko bizikleta erabili nahi dutenei bidegorriak erabiltzeko gomendatzen die Bilbao Kirolakek, betiere gainerako bizikletariak eta abiadura-mugak errespetatuta Aholku orokorrez gain, Bilbao Kirolakek gogorarazten du kaskoa erabiltzea eta jarlekua eta eskulekua norberari egokitzea garrantzitsua dela, baita balaztak eta gurpilak ondo daudela ziurtatzea ere.

Bilbao Kirolakek gogorarazten duenez, bihartik aurrera, maiatzaren 2tik aurrera, 6:00etatik 10:00etara eta 20: 00etatik 23:00etara, banakako kirola egin ahal izango da, eta gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko da pertsonen artean, egunean behin eta bizi den herrian bertan.