BILBO. Bilbok otsailaren 19tik 24ra ospatuko ditu inauteriak. Hori dela eta, Bilbao Musikak, urtero egin ohi duen moduan, hainbat ekintza antolatu ditu jai berezi hauetaz ahalik eta gehien gozatzeko.

Otsailaren 19an, asteazkena, izango den lehenengo emanaldian, Udal Txistu Bandak Euskalduna Jauregiko 0D Aretoan 19:30etatik aurrera ospatuko den ohiko Kantaldian parte hartzera gonbidatuko du. Bandak Leire Berasaluze eta Kristina Aranzaberen ahotsak eta Iñaki Sastre pianoan lagun dituela, publikoa kontzertuarekin bat egitera eta euskal kantutegiko pieza ezagunak abestera animatuko du.

Egun horretan bertan, Campos Elíseos Antzokiak, 19:00etatik aurrera, inauterietako kontzertua hartuko du Udal Musika Eskolako talde batzuen eskutik (AkordeON, Orkestra eta Banda Txikia, klarinete, flauta eta txistu taldeak, Hizkuntza musikala, etab.). Hurrengo egunean, urtarrilaren 20an, osteguna, Eskolako ikasleak La Galerako Auditoriumera aldatuko dira 19:00etan kontzertu berri bat eskaintzeko.

Ostiralean, hilak 21, egitarauak erromeria baten ospakizunarekin jarraituko du Musika Eskolako fanfarrearekin Euskal Museoan. Ekitaldiak 19:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da edukiera bete arte. Herritarrei irekitako jaia da beraz, pertsona guztiei erromeriara mozorrotuta joatera animatzen zaie.

Amaitzeko, Udal Musika Bandak, oraingo honetan Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, inauteriak ospatzera gonbidatzen ditu bilbotar guztiak otsailaren 24an, astelehena, Xaibor DJ eta animatzailearekin batera eskainiko duen kontzertuan. Plaza Berrian 12:30etan izango den emanaldian Star Wars-en soinu banda, Camilo Sextoren "Vivir así es morir de amor", Fernando Maldonadoren "Volver, volver", Urkoren "Guk euskaraz" edo Juan Carlos Pérezen "Lau teilatu" bezalako doinu ezagunak entzungo dira, besteak beste.