Kalejira

Bilbao, Olentzeroren magiaz blai

Aburtok Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egin ostean, euren kantak abestu dituzte Arriaga antzokiko balkoitik

23.12.2019 | 20:15
Olentzero.

BILBO. Makina bat irribarre egon da gaur arratsaldean Bilbon, duda barik Bizkaiko hiriburuko unerik magikoenetako batean. Olentzero, Euskal Herriko ikazkinik maitagarriena, Mari Domingi, lamiak, basajaunak, galtzagorriak..., finean, euskal mitologiako pertsonaia magikoen segizio handi bat Bilboko Kale Nagusian zehar ibili da, musikaz eta kolorez beteriko kalejira batean, Arriaga antzokira heldu arte.

Milaka umek urduritasunez bizi izan dute arratsalde luze hau. 100 artistatik gora gorpuztu dute musikatutako antzerki-ikuskizun hau, argiz eta kolorez betea, Bilbo festa handi bat bihurtu duena.

Gaztedi Dantza Taldeko hogei bat dantzarik alaitu dute segizioa, dibertitzera gonbidatuz. Haiekin batera, galtzagorri bihurriak, agurtzen, akrobaziak eta bihurrikeriak egiten eta, batez ere, txikienen azken eskutitzak jasotzen. Joan den urtean, gutun bilketa modernizatu zen. Galtzagorriek egitura original bat eraman dute, gutun gehiago eta are hurbilagotik jasotzeko.

Kalejira, gainera, koloretako bengalek eta argiek argiztatu dute, eta irudiak, mugimendua eta erritmo handia sortu dituzte. Eszenaratze indartsua izan da, 100 aktore eta musikari baino gehiagoren kontura. Haiek ere protagonista izan dira: 80 artista baino gehiago eta laguntza tekniko eta logistikoko 30 pertsona, baita zanpantzarrak, dantzariak, zuzenean aritu diren musikariak eta fanfarre bat ere.

Finean, uria argiz, musikaz eta magia ugariz bete da, egurrezko zenbait egituraz osatutako kalejira honi esker. Pottoka, Tiobiboa eta antzaren familia pertsonaia mitologikoekin batera izan dira Moyua plazatik Arriaga Antzokirainoko segizioan. Igaro ahala, Olentzerok ehunka aurpegi irribarretsu ikusi ahal izan ditu, bere izena miresmenez oihukatzen zuten bitartean.

Arriaga Plazan, ordu erdiko antzerki-musika emanaldi ikusgarri batek bereganatu du arreta guztia. Ikuskizunaren indarra ikusita, Bilboko Udalak bi pantaila handi jarri ditu Arriaga plazaren inguruan, ingurutik ere ikusi ahal izateko.

Olentzeroren historia berridazten du ikuskizunak, pertsonaia mitologikoen magia, tradizioa eta antzerki onena nahastuz. Bi handiren neurrian (Bilbo eta Olentzero) diseinatutako proposamena; ekitaldi ikusgarria, jai girokoa, ospatzeko eta elkartzeko, kontzeptu tradizional bat gizarte moderno batera eta bertan bizi diren Euskadiko haurren imajinariora egokitzen duena.

Amaieran, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak ongietorria egin diete Arriaga Antzokiko balkoira igo diren pertsonaia magikoei, bildutako pertsona guztiak agurtzeko eta Olentzeroren kantua eta Horra Mari Domingi abestia abesteko. Agurraren eta abestien ostean, Olentzero eta Mari Domingi atseden hartzera joan dira antzoki barrura, hurrengo egunerako indarrak hartzeko.

Baina Antzokiaren kanpoaldean, festak jarraitu du. Udalak euskal jaia antolatu du Areatzan, herri-kanten kantaldi batekin, "Benta zaharreko mutil alaiak" taldeak animatuta, eta txosna bat jarri du indarrak berreskuratzeko.