herritarren partaidetzarekin

Zorrotzako azken urteetako historiako 1.228 artxibo jaso dira “Argazkineta” ekimenari esker

Bildutako materiala  abenduaren 17an aurkeztuko da, arratsaldeko 19:30ean, Mirarien Gure Amaren Elizan

17.12.2019 | 20:52
Zorrotzako azken urteetako historiako 1.228 artxibo jaso dira “Argazkineta” ekimenari esker.

BILBO. Bilboko Udalak, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan udal programaren barruan, herritarren partaidetzan oinarritutako ekimen aitzindaria jarri zuen martxan joan den urrian, auzoaren azken urteetako historia berreraikitzeko eta horretan sakontzeko, auzokideek eman ahal izan zituzten dokumentuen eta testigantzen bitartez.

Horrela, "Argazkineta" ekimenak, auzoan zehar ibili den furgoneta jarri zuen martxan, Zorrotzari buruzko eta XX. mende osoko materiala biltzeko eta digitalizatzeko, argazkiak, diapositibak, kartelak edo bideoak, hain zuzen ere.

Deialdiari esker, 1.228 artxibo bildu eta digitalizatu ahal izan dira, 50 bat lagunek ekarritakoak, argazkiak, negatiboak (horietako bat 1892koa), diapositibak, liburu zaharrak, auzoko irrati libreko programen grabazioak dituzten kaseteak, liburuxkak, errazionamendu-kartillak, prentsa ebakinak, partiturak eta jaietako programa zaharrak, besteak beste. Dokumentu bilketa horrekin batera, proiektuak interes bereziko ahozko lekukotzak biltzea ere aurreikusi zuen. Guztira, 22 lagun aritu dira euren oroitzapenak partekatzen eta Zorrotzako azken aldiko historiaren alderdi jakin batzuei buruzko lekukotzak kamera aurrean grabatzen.

Proiektua eta emaitzak jende aurreko "Argazkineta Show: Bildu ondoren, kontatzeko garaia da" ekitaldian aurkeztuko dira, datorren asteartean, abenduaren 17an, 19:30ean, Mirarien Gure Amaren Elizan (Fray Juan kalea, 31). Horrez gain, material dokumental garrantzitsuenak Bilboko udal artxibategietan sartuko dira.

Ekitaldiaren helburua, alde batetik, bildutako materialaren aukeraketa aurkeztea eta proiektatzea da, eta, horrez gain, Zorrotzako bizilagunen memoria eta kontakizuna protagonista izango diren topaketarako une bat bultzatzea. Aldi berean, XX. mendeko Zorrotzako tokiko historiaren berreskurapenean eta transmisioan oinarritutako proiektuari informazioa eta materiala eman dion jende guztia partaide bihurtzea bilatzen da.

Ekitaldia ?sarrera librea izango du, leku guztiak bete arte? euskaraz eta gaztelaniaz egingo da, eta Ugaitz Alegria antzezle eta kazetari bizkaitarrak aurkeztuko du. Show dibertigarria eta parte-hartzailea izatea aurreikusten da, eta auzokideek "Argazkineta" ekimenarekin partekatu dituzten argazkiak, oroitzapenak eta bizipenak proiektatuko dira bertan.

Bilbao Izan udal programaren barruan lehen aldiz martxan jarri den proiektuak, dokumentuak, eta dokumentuetan gordetako guztia, formatu digitalera eraman gura ditu, bizia luzatzeko eta garai berrietarako birziklatzeko. Halaber, garai jakin bateko auzoaren kontakizuna modu kolektiboan eraikitzen lagunduko du.

BILBAO IZAN

BILBAO IZAN programa duela 14 urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko.

Asmo horrekin tokiko historiari buruzko liburuak argitaratu dira, Bilboko auzoetara eta eraikin berezietara bisitak antolatu dira eta oraindik antolatzen jarraitzen dira, eta zortzi argazki erakusketa egin dira, baina, auzo bateko azken urteetako historia berreraikitzeko eta ezagutarazteko material interesgarriak eta baliozkoak biltzeko eta kontserbatzeko herritarrak orokorrean inplikatzea bilatzen den lehen aldia da.

noticias de deia