BILBO. Asteburu honetan, igandean konkretuki, hilak 27, arratsaldeko 20:30etan, amaitutzat emango da Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren XXI. edizioa. Merezi duen bukaera emateko, Bilboko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu: antzezlanak, poesia, zuzeneko musika eta txotxongiloak egongo direla azaleratu dute, besteak beste. Horiek guztiak igandean bertan gozatu ahal izango dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Bilborocken.

Biharko, osteguneko, programazioaren barruan, sorkuntza eszenikoari laguntzeko BilbaoEszenako ? Baliabide Eszenikoen Zentroko “Artistak Egoitzan” programan aukeratutako proiektu baten aurkezpena ere badago. Euskal eszenan ibilbide luzea duen Eguzki Zubia - La Dinamikaren proposamen bat da, eta “3er acto” lanaren work-in-progress aurrerapen bat eskainiko du. Dantza eta antzerki proposamena da, menopausia igaro duten emakumeei buruz dauden aurreiritziak eta ideiak lantzeko, zahartzeak dakarren bazterketa, ikusgai izateari uztea eta horrek dakarren gainbehera pertsonala. 19:00etan izango da, La Fundiciónen, eta 20:00etan, Campos antzokiko Kupulak Carla Rovira katalanaren “Matria” antzerki-dokumentala jasoko du. Ikuskizun horrek Europa mailako Pyrenart egitasmoaren laguntza du.

Beste proposamen batzuen artean, ostiralean, 21:30ean, Belgikako Tg STAN konpainia ospetsua helduko da Pabellón 6 aretora, Harold Pinterren “Traición” klasikoaren moldaketarekin. Maitasun hirukote klasikoaren istorioa kontatzen du, Emmak zazpi urte baitaramatza Robert senarra Jerry haren adiskide onenarekin engainatzen.

BADek larunbaterako duen programazioaren barruan aipamen berezia merezi du Bilbon “Rebota rebota y en tu cara explota” ikuskizuna aurkeztuko duten Agnés Mateus eta Quim Tarrida bartzelonarren lana, indarkeria matxistari eta gizartearen pasibitateari buruzko gogoeta gordina, 2017an Joera Berrien Kritikaren Saria eta 2018an Ekarpen eszeniko berrien Butaca saria lortu zituen lana. Larunbatean, 21:30ean, ikusi ahal izango da Pabellón 6 aretoan.

BADen aurtengo edizioa igandean, 20:30ean, itxiko da, Pabellón 6 aretoan, baita ere, Ángela Lópezek, Juan Diego Calzadak eta Nazario Díazek osatzen duten Andaluziako Vertebro kolektiboaren “Faena” lanaren Euskadiko estreinaldiarekin. Nazioko panoraman ezinbestekoa den konpainia garaikideetako bat da, eta jaialdiaren laguntza izan du lana Bilbon aurkezteko. Jaialdiko sarrerek 10 euro balioko dute txarteldegian, eta 8 euro aurretik erosiz gero webgunean (www.badbilbao.eus) eta jaialdiko bulegoan (Abando ? Elkanoko Udaltegia).