BILBO. EHUko 40 ikaslek eta Deustuko Unibertsitateko 5ek hartuko dute parte Bilboko Udal Etxebizitzek antolatutako 'Gazte solidarioen' programa. Aurtengoa ekintza honen hamargarren edizioa izango da, eta horretarako 20 etxebizitza bideratu dituzte.

Programa honek udal etxebizitzak eskaintzen ditu, alokairu konpartituko araubidean, prezio sinboliko baten truke: 55 euro hilean pertsona bakoitzeko (argi eta ur gastuak kanpo). Horren truke, ikasleek etxebizitza hauek dauden auzoetan, hau da, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean, proiektu komunitarioetan parte hartu behar dute, baita kolektibo zaurgarriei babesa emateko programetan ere.

Ekitaldian egon dira Jon Bilbao Etxebizitzako zinegotzia eta Udal Etxebizitzetako presidentea, Itziar de la Fuente Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako Bulegoko zuzendaria, eta Xabier Murelaga UPV/EHUren Unamuno ikasle-egoitzako zuzendaria.

Edizio berriaren xehetasunak azaldu ondoren, eta udaleko beste kide batzuek lagunduta, programa honetara bideratutako etxebizitzetako bat bisitatu dute, bertan bizi den ikasleak lagunduta. Ikasle honek CREAn egiten du bere lan soziala, hau da, Nazioarteko Elkartasunaren Baliabide Afrikarren Zentroan, Bilbo Zaharra auzoan.

Programan parte hartzen duten ikasleen batez besteko adina 26 urtekoa da. Gizonen eta emakumeen proportzioa antzekoa da (% 51 gizonak, % 49 emakumeak). Haietatik % 22ak espainiar nazionalitatea du eta beste % 78a beste herrialde batzuetatik dator. Ikasleentzako etxebizitzek sukalde osoa eta altzariak dauzkate. Ikasle bakoitzak bere logela dauka. Hileko alokairua 55 eurokoa da, gehi argiaren eta uraren gastu proportzionalak.